EUSKARA

Hezkuntzako eragileek eskatu dute «ereduen sistema baztertzailea» gainditzeko

«Ikasle guztiei euskara gaitasun egokia» bermatuko dien «eredu orokortua» galdegin dute Euskalgintzaren Kontseiluak, Ikastolen Elkarteak, EHIGEk, Hik Hasik, Kristau Eskolak, ELAk, LABek, Steilasek eta EHIZEk. Nahi dute EAEko hezkuntza hitzarmenak «berariaz» jaso dezala hori.

Hezkuntzako eragileak, gaurko agerraldian, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko abenduaren 16a
11:33
Entzun

Hezkuntza Lege berria osatzeko eztabaidei ekin diete udazken honetan Eusko Legebiltzarrean, eta hezkuntza komunitateko eragileen gehiengo zabal batek eskaera argi bat bat egin die gaur legea osatzeko hitzarmena adostuko dutenei: galdegin diete hezkuntza hitzarmenean «berariaz» jaso dezatela hurrengo legeak «ereduen sistema baztertzailea» gaindituko duela eta «ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua» ezarriko dela. Euskalgintzaren Kontseiluak, Ikastolen Elkarteak, EHIGEk, Hik Hasik, Kristau Eskolak, LABek, ELAk, Steilasek eta EHIZEk osatu dute Euskaraz hezi, berdintasunean hazi adierazpena, eta gaur aurkeztu dute, Gasteizko Europa jauregian egindako agerraldi bateratu batean. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak hitz egin du guztien izenean, eta testua leitu aitzinetik nabarmendu du «poztasunerako» eguna dela gaurkoa, lortutako adostasun «zabalagatik».

Eragileek «konpromisoa» hartu dute adierazpenean egindako eskaera eurena egiteko, baita Hezkuntza Legearen inguruan parte hartzen duten foroetan edota egiten dituzten harremanetan eskaera hori defendatzeko ere. Bilbaok aitzinatu duenez, Kontseiluak berak Eusko Legebiltzarreko hezkuntza batzordean parte hartuko du asteartean, eta hezkuntzako eragileekin batera adosturiko proposamena aurkeztuko du han.

Euskaraz hezi, berdintasunean hazi du izena gaur hezkuntzako eragileek irakurri duten testuak, eta izenburuak berak azpimarratzen dituen bi ideiei buruz aritu dira nagusiki: euskaraz eta berdintasunaz. Eragileek uste dute, hain zuzen, hezkuntza «ardatza» dela «egoera gutxituan dagoen edozein hizkuntzaren berreskurapen prozesuan», baina ez soilik «belaunaldi berriek hizkuntza gutxituaren gaitasun egokia» lortzea bermatzen duelako: «Gizarte kohesioa eta bizikidetza bermatzeko giltzarria ere bada».

Adierazpeneko sinatzaileen ustez, izan ere, gizarte bizitzan eta garapen profesionalean aurrera egiteko «oinarrizkoa» da «hizkuntza gaitasun egokia» eskuratzea, eta horretan «berdintasun printzipioari» segitu behar zaio: «Jatorriak, egoera sozioekonomikoak, egoera soziolinguistikoak edota bestelako irizpideek ezin dituzte baldintzatu ikasleek eskuratu beharreko gaitasunak, ez hizkuntzaren arloan, ezta beste ezagutza arloetan ere». Horretarako bidea «gutxien duenari gehiago ematea da», hezkuntzako eragileen ustez: «Horregatik diogu oinarrizko euskara gaitasuna belaunaldi berri guztiei bermatuko dien eredu berri orokortua ezartzea dela aukerarik justuena eta berdinzaleena». Adierazi dute badela «garaia aurrera egin eta ereduen sistema segregatzailetik eredu orokortu inklusibora jauzi» egiteko.

Adierazpena irakurri ondotik Bilbaok zehaztu duenez, proposatzen duten eredua bakarra izan arren, ikastetxe bakoitzeko hizkuntza proiektuan zehaztu beharko da leku bakoitzean hori nola gauzatu. Nabarmendu du, halaber, «inbertsioak» eta «baliabideak» beharko direla eredu hori plantan ezartzeko. Mementoaren garrantzia ere azpimarratu du Bilbaok: «Halako legeek iraupen luzea izaten dute. Hasieratik kokatu behar da ardatz hori. Orain behar dugu erabakia, eta gero goazen denok hori eraikitzen».

«Unibertsalizaziotik urrun»

Hezkuntzako eragileek badakite ez direla hutsetik hasten, eta «aitortza» egin diote «azken hamarkadotan hezkuntza sistemak egin duen ekarpenari»: «Milaka eta milaka herritar euskaldundu dira». Ordea, gaitzetsi dute «urrun» dagoela «ezagutzaren unibertsalizazioa». Haien hitzetan, datuek erakusten dute ereduen sistemak «arrakalak» dituela: «Badakigu zein den eredurik arrakastatsuena eta zein den desegokiena, baina sistema bera berrikusi behar da». Salatu dute, izan ere, gaur-gaurkoz ikasle «askori» ez zaiela bermatzen euskarazko gaitasun egokia eskuratzeko «eskubidea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.