Diru politika

EBZ ekonomiaren pizgarriak gutxitzen hasiko da, baina poliki, hazkundea ez eteteko

Martxoan etengo du pandemiari lotutako zor erosketa programa. Zorra erosten segituko du, APP programarekin, eta bueltan jasoko duen dirua inbertituko du

Christine Lagarde EBZko presidentea, gaur, Frankfurten. RONALD WITTEK / EFE
Iker Aranburu.
2021eko abenduaren 16a
14:13
Entzun

Bere erritmoan jarraituko du EBZ Europako Banku Zentralak, alboetara askorik begiratu gabe. Inflazioari aurre egiteko AEBetako Erreserba Federala, Ingalaterrako Bankua eta beste banku zentralak interes tasak igotzen eta ekonomiari emandako pizgarriak kentzen hasi diren honetan, zuhur jokatzea hobetsi du Christine Lagarderen taldeak. Bera ere hasiko da pizgarriak gutxitzen, baina poliki egingo du, hauskor ikusten duen hazkunde ekonomikoari zartakorik jotzeko arriskurik hartu gabe. Hau da, inflazioaren aurkako borroka bigarren mailan utziko duela, modu naturalean jaitsiko duela uste duelako oraindik, eta hazkunde ekonomikoari emango diola lehentasuna, pandemia luzatzeak eta omikron aldaeraren agerraldiek kezkatu egiten baitute.

Aurretik iragarritakoa baieztatu du EBZk gaurko bileran: martxoaren amaieran etengo du pandemiari lotutako aktiboen erosketa programa, PEPP izenekoa. Haren bidez, iazko martxotik 1,85 bilioi euro zor publiko eta pribatu erosiko ditu finantza merkatuetan. Horri esker, interes tasa errealak oso txikiak izan dira, eta estatukideek merke eta erraz finantzatu ahal izan dituzte koronabirusak eragindako gastu gehigarria.

EBZren ekarpenera ohitu den ekonomia egokitu dadin, EBZk handitu egingo du beste alde batetik ematen dion dopin-a. 2014 erdialdetik, APP programaren bidez zorra erosten du hilero. Pandemiaren atarian programa hori noiz bukatuko ari zen aztertzen EBZ, baina COVID-19ak plan horiek zapuztu zituen. Azken hilabeteotan hilero 20.000 milioi euroren zorra erosi du EBZk APPren bidez, eta hilero 40.000 milioi izango dira 2022ko bigarren hiruhilekoan, eta 30.000 milioi hirugarrenean.

Hortik aurrera zer egingo duen ez du zehaztu EBZk, baina berretsi egin du aurretik iragarritakoa: zorra erosten jarraituko du interes tasak igotzeko garaia iritsi arte. Horretarako datarik ez dago, baina «nekez» izango da 2023. urtea baino lehen, Christine Lagarde EBZko presidenteak berretsi duenez. Hala ere, Lagardek ohartarazi du «datuek» baldintzatuko dutela azken erabakia. Are gehiago, Lagardek azaldu du banku zentrala prest dagoela berriro PEPP indarrean jartzeko eta haren bitartez zor gehiago erosteko.

Dopatzea, 2024 arte

Gainera, PEPP eta APP programen bidez EBZk finantza merkatuetan sartutako diruak zirkulatzen jarraituko du. Izan ere, behin EBZk erositako zorra iraungitzen denean, diru hori berriro inbertituko du beste aktibo batzuetan. PEPPen diruen kasuan, EBZk zehaztu du gutxienez 2024 arte izango dela. Hau da, ekonomiaren dopatzeak gutxienez beste hiru urtez iraungo duela.

Lagardek onartu du azken hiruhilekoetan moteldu egin dela suspertzea, hornidura katea ez delako gai izan industriaren eskaria betetzeko eta energia gastuak kontsumoa murriztu duelako. Moteltzeak jarraitu egin beharko luke 2022 hasieran, batez ere COVID-19aren olatuei aurre egiteko neurriak zabaltzen badira, baina EBZk espero du urteak aurrera egin ahala hornidura kateak konpontzea, energiak garestitzeari uztea, eta horren bidez inflazioa apaltzea.

Azaroan %4,9ra heldu zen inflazioa, eta 2022 osoan %2tik gora egotea espero du Lagardek. Batez beste, %2,6 izango da 2021ean; %3,2 2022an; %1,8 2023an, eta %1,8 2024an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.