Madrilek eta erkidegoek onetsi egin dute 40 urtetik gorakoei hirugarren dosia jartzea

Aurreko bi aldietan AstraZenecarekin txertatutakoak hirugarrenez ziztatzea ere hitzartu dute. Edonola ere, Osasun Publikoko Batzordeak galdegin du 50 eta 59 urte artekoak txerta ditzatela lehenik, baita adinekoak eta kalteberak ere.

COVID-19aren kontrako txertaketa gunea, NUPeko kiroldegian, Iruñean. IñIGO URIZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko abenduaren 16a
15:11
Entzun

Koska bat gehiago zabaldu da Hego Euskal Herrian hirugarren dosia hartzen ahalko dutenen adin taldea. Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak eta erkidegoek batzarra izan dute gaur, eta oniritzia eman diote 40 urtetik gorakoak hirugarrenez txertatzeari. Orain arte, soilik 60 urtetik gorakoentzat eta Janssen txertoaren dosia hartutakoentzat zegoen onartua hirugarren zizta jartzea Hegoaldean.

Edonola ere, adin muga 40 urteko langara apaldu arren, Osasun Publikoko Batzordeak galdegin du adinaren arabera zehaztu daitezela lehentasunak, hau da, txertaketa kanpainaren ordena: 50 eta 59 urte artekoekin has daitezen nahi du batzordeak. Behin horiek txertatuta, zaharrenetatik hasi, eta, apurka, gazteagoak ziztatzea nahi dute. Halaber, oroitarazi dute oraindik badirela txerto bakar bat ere hartu ez dutenak; 12 urteren bueltakoak, esaterako. Horien txertaketa lehenetsi dadila eskatu dute, baita arreta pertsona zaurgarrietara zuzentzea ere.

AstraZenecarekin txertatuei, ere bai

Halaber, beste erabaki bat ere hartu dute Osasun Ministerioak eta erkidegoek: COVID-19aren kontrako txertoaren hirugarren zizta emanen diete 60 urtetik behera izan eta aurretik hartutako bi dosiak AstraZeneca botika etxearenak dituztenei. Talde horretan direnak osasun langileak edo premiazko zerbitzuetan lanean dihardutenak dira batik bat. Horien guztien kasuan, bigarren dosia hartu eta hiru hilabeteko tartea igarotakoan hasten ahalko dira hirugarren dosia hartzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.