Euskara

'Aldaera' da 2021. urteko hitza, Euskaltzaindiaren eta UZEIren arabera

Hitz berria izan ez arren azken hilabeteotan eduki duen «ohiz kanpoko erabilera» dela-eta nabarmendu dute bi erakundeok. BERRIAko Euskara Taldeak abenduko azken astean argitaratuko du urteko hitzen zerrenda.

Edu Lartzanguren.
2021eko abenduaren 17a
12:09
Entzun

COVID-19 birusak eragindako izurriak utzi du itzala hizkuntzan, bigarren urtez. Euskaltzaindiak eta hari atxikitako UZEI terminologia eta lexikografia zentroak 2021. urteko hitza aukeratu berri dute, eta, nola ez, pandemiarekin loturik dago: aldaera.

«Oinarritzat edo eredutzat hartzen denarekiko desberdintasunen bat duen era». Horrela definitzen du Euskaltzaindiak berak aldaera zer den. Azken hilabeteotan barra-barra erabili da hitza hedabideetan, koronabirusaren mutazioez hitz egiteko. «Delta aldaera» izan zen denen ahotan denbora luzez, eta, orain, «omikron aldaera» dabil bolo-bolo, horrela izendaturiko birusa zabaldu ahala.

Halere, nabarmendu dute euskararentzat aldaera ez dela hitz berria, etaEuskaltzaindiaren Hiztegian jasota dagoela. «Baina azken hilabete hauetan ohiz kanpoko erabilera izan du pandemiaren harira». Erakundeon arabera, erabilerak berritu egin du hitza.

Lehen aldiz aukeratu dute urteko hitza elkarrekin bi erakundeok. Argitu dutenez, batez ere hedabideak arakatzen dituzte lexikoa eguneratzeko, eta «eguneroko jarraipen horretan oinarrituta hautatu da 2021eko hitza».

BERRIAk, urte amaieran

Azken urteotan tradizio bihurtu da hainbat hizkuntzatan aurreko hamabi hilabeteetan sortu edo nabarmendu diren hitzen zerrendak egitea. BERRIAko Euskara Taldeak ere egiten du bilduma.

Iazkoan ere, izurriari loturiko hitzak agertzen dira: Koronabirus, berrogeialdi, maskara. Baina baziren bestelakoak ere.

2019an, berriz, tsunamia, brebeta, epizenoa eta podcasta nabarmendu zituzten, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.