Europako Batasuna

Azpiazu haserre Calviñorekin, ez diolako erantzun funts eskaerari

Urrian aurkeztu zizkion Jaurlaritzak Madrili zeintzuk ziren Next Generation funtsaren diruak jasotzeko lehentasunezko proiektuak. Ez du erantzunik jaso.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburua, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR / EFE
Iker Aranburu.
2021eko abenduaren 17a
12:39
Entzun

Eusko Jaurlaritzak kritika handiak egin izan dizkio Espainiako Gobernuak Europako Batasunaren Next Generation (NG) funtsei buruz egindako kudeaketari, oso zentralista iruditu zaiolako eta alde batera utzi izan dituelako autonomia erkidegoak. Azken kritika gaur bertan iritsi da, Eusko Legebiltzarrean. EAJren taldearen galdera bati erantzunez, Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak salatu du Madrilek ez diela erantzun bere proiektu estrategikoei.

Urriaren 19an bidali zion Jaurlaritzak bere hiru proiektu kutunen zerrenda Espainiako Gobernuari, Nadia Calviño Ekonomia ministroaren eskaera bati erantzunez. «Ez da onargarria» erantzunik jaso ez izana, Azpiazuren arabera. «Jakin behar dugu zer proiektutarako izango ditugun Europako funtsak, jasoko dugunaren arabera gure funts propioak jarri behar ditugu eta».

Euskadi Next planean agertzen diren beste proiektuak alde batera utzi gabe, Gasteizko gobernuak hiru arlori eman die lehentasuna: mugikortasun elektrikoa eta digitalizatua, trantsizio digitala, eta osasun terapia berritzaileak. Hiru proiektu estrategikoetarako 1.854 milioi euroko inbertsioak aurreikusi ditu Jaurlaritzak, eta horietarako 648 milioi eskatu ditu Europako funtsetatik.

Azpiazuk ziurtatu du asko dagoela jokoan, eta Jaurlaritzak «proposamen eraikitzaileak» egin dituela. Madrildik, ordea, «inposizioz eta segurtasun juridikorik ezaz betetako kudeaketa» jaso du.

Espainiako Gobernuak abuztuan jaso zituen lehen 9.000 milioi euroak, eta hezkuntzarako, osasunerako eta trantsizio ekologikorako baliatu zituen. Abendu hasieran jaso zuen 10.000 milioi euroren bigarren ordainketa baterako oniritzia, baina dirua ez da artean iritsi, Europako Batasuneko beste kideen oniritzia falta delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.