Albistea entzun

Bizkaiko Txapelketako finala

Nerea Ibarzabal txapeldun

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala jokatu dute gaur Miribillan. Buruz burukoan, Jone Uriak eta Nerea Ibarzabalek kantatu dute. Urtebeteko atzerapenarekin heldu da finala, pandemiaren eraginez.

Nerea Ibarzabal, txapela janzten.
Nerea Ibarzabal, txapela janzten. Marisol Ramirez / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Hodei Iruretagoiena -

2021eko abenduak 18

Nerea Ibarzabal Salegi da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapeldun berria. Ariketaz ariketa, saio bikaina egin du Ibarzabalek, eta argi nabarmendu da saioak aurrera egin ahala. Jone Uria Albizurirekin jokatu du buruz burukoa, eta lortu dute biek publikoa piztea finalaren azken txanpan.

17:00etan hasi da finala Miribillan, eta lau bat orduz bertsotan aritu dira bertsotan zortzi bertsolariak. Azkenean, halaxe geratu da puntuazioa: 874,5 punturekin, Nerea Ibarzabal Salegi; Jone Uria Albizuri (866); Etxahun Lekue Etxebarria (520,5); Xabat Galletebeitia Abaroa (507,5): Onintza Enbeita Maguregi (489,5); Aitor Bizkarra Ruiz (486); Aitor Etxebarriazagarraga Gabiola (484); eta Gorka Pagonabarraga Agorria (464).

Taldearen indarra nabarmendu nahi izan dute aurten antolatzaileek aurtengoan, eta txapelketaren antolakuntza lanetan aritutako bi lagunek jarri diote txapela Ibarzabali: Joseba Etxebarriak eta Moises Enbeitak.

Halaxe kantatu du txapeldunak azken agurra: "Gure etxeko andre guztiak nahi nituzke ohoratu / egoerarik gogorrenetan ez direnak hondoratu / bizikideei, bertsokideei bihotzetik bost olatu / badago nondik jasoa eta badago zer geroratu / muga, kartzela, harresi, ibai galerak zelan kontatu / merkantzientzat bideak libre, ta pertsonak zokoratu / baina itzarrik eusten gaituzten, ideia hoiei oratu / hormak higatu daitezkeelako ta arrakalak loratu".

Zuzeneko kontakizuna

21:25

Txapeldunaren agurra

"Gure etxeko andre guztiak nahi nituzke ohoratu / egoerarik gogorrenetan ez direnak hondoratu / bizikideei, bertsokideei bihotzetik bost olatu / badago nondik jasoa eta badago zer geroratu / muga, kartzela, harresi, ibai galerak zelan kontatu / merkantzientzat bideak libre, ta pertsonak zokoratu / baina itzarrik eusten gaituzten, ideia hoiei oratu / hormak higatu daitezkeelako ta arrakalak loratu".

21:21

Jantzi diote txapela Ibarzabali

Taldearen indarra nabarmendu nahi izan dute aurten antolatzaileek aurtengoan, eta txapelketaren antolakuntza lanetan aritutako bi lagunek jarri diote txapela Ibarzabali: Joseba Etxebarriak eta Moises Enbeitak.

21:03

Nerea Ibarzabal txapeldun

Halaxe geratu da azken puntuazioa: 874,5 Nerea Ibarzabal Salegi; 866 Jone Uria Albizuri; 520,5 Etxahun Lekue Etxebarria; 507,5 Xabat Galletebeitia Abaroa: 489,5 Onintza Enbeita Maguregi; 486 Aitor Bizkarra Ruiz; 484 Aitor Etxebarriazagarraga Gabiola; 464 Gorka Pagonabarraga Agorria.

20:53

Adineko pertsona baten azalean jarri da Jone Uria: "Gozatu gura nuela beldurra ez da beldurra ez da nire kulpa / pandemia baten sartu ginen behin ta ezin pandemia buka / nire barruan sarri esan dut 'jode pandemia puta' / ia bi urte pasatu ditut neure etxean sartuta".

Beldurrari aurre eginda, Gabon ospakizunetan familia batu dutela kontatu du: "Egin naiz nire txanpain koparen eta botilaren jabe / ta hemen gabiz txin-txin ta topa mahai hontan aldez alde / pasa dadila pasa behar dena baina topa zuen alde".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

20:42

Aspaldiko lige batekin topa egin duela kontatu du Ibarzabalek bakarkako lanean: "Dardara bat sentitzen dut lepazurreko iletan / ta urrezko briz-briz txanpainaren burbuiletan / aspaldi kilima hauek euki barik masailetan". Bikain biribildu du saioa: "Hotelera joan gara oroituz lehenengo uda / eta izara artean berriro azalez muda / eferbeszente ta motza gaur gaueko abentura / eskertzen dizut bisita egon naiz oso gustura / musu bat eman ta agur geure ordua heldu da / berriro itzul gaitezen maite gaituzten lekura".

20:34

Kartzelako lanarekin hastera doa Ibarzabal. Hauxe du bakarkako hiru bertso botatzeko gaia: "Topa egin eta txin-txina entzutearekin batera, horrela pentsatu duzu. Pasatu dadila pasatu beharrekoa".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

20:29

Uriak ere bota du ale ederrik: "Sistemak duen herrena / ta guk pairatu txarrena / lehen Lehen Arreta murriztu zuten, orain bigarrena". Ibarzabalen erantzuna: "Ta hau bidezkoa al zen / zuloak doaz zabaltzen / ta zaintzaileok heldu ezinik guztiak tapatzen".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

20:26

Seiko motzerako hau izan dute gaia: "Etxez etxeko laguntza zerbitzua jasotzen du Jonek. Murrizketak direla eta, Nereak, laguntza hori ematen dion langileak, aurrerantzean berarentzat denbora gutxiago edukiko duela esan dio. Sendo ari da Ibarzabal: "Ez nuke nahi egon mutu / baina dena da enbutu / lehen pertsona bat zinen ta orain hamabost minutu".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

20:23

Bero dago giroa, eta saio bizia egin dute biek, kolpe onak joz eta elkarrizketaren haria eramenez.

20:20

Jone Uria eta Nerea Ibarzabal, buruz burukora

Jone Uria eta Nerea Ibarzabal sailkatu dira buruz burukorako. Zortziko txikian ofizioka hasi dira, honako gaiarekin: Bizkaiko finalean kantuan ari da Nerea, eta entzungailutik bertso bat txibatzen ari zaio Jone. Atsedenaldian, komunean elkartu dira.

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

20:02

Aitor Etxebarriazarraga bakarkakoan ari da orain. Bera izango da azkena, buruz burukora nor pasatuko diren jakin aurretik.

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

19:57

Ederki lotu du gaia Jonek Uriak pandemian zehar bizi izandakoekin. Halaxe jarri diote: "Olentzero zara. Bigarren urtez, ezin izango diezu umeei ilusioa ekarri gurako zenukeen moduan". Halaxe bukatu du bigarren bertsoa: "Nire trajeak gordetzen hortan pentsatzen nengoen / eurak zigortu beharra bi urte pasa ondoren / zer ta beraiek portatu zaizkigunean ondoen".

Hirugarrena ere, goitik beherakoa: "Zenbat aldiz egin zaien umeei errieta / hori gutxi balitz orain helduko da txertaketa / baina haurrak zuek lasai, emango diogu buelta / ez gara beti egongo Alfa, Omicron ta Delta / nahiz eta presentzialki aurten ez egin arreta / bidali gutunak eta izango ditut gordeta / tximinitik sartuko naiz nire zakua beteta / aurten opari guztiak merez dituzue ta".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

19:51

"Zure bikotekidearekin daukzaun harremank ez du funtzionatzen. Ez zaude gustura, gaina presioagatik, ez zara ausartzen harremana eteten". Gai horrekin kantatu du Aitor Bizkarrak, eta jakin du tentsioa mantentzen hiru bertsotan zehar. Bigarren bertsoa adibide: "bitatik faltan daukat laztana garra ta borondatea / ta nire nahiak muturreraino kosta zait eramatea / lehenago "zatoz" hala esan dizut / "azkenerako erabaki dut / urrats hori ematea... / ez, ez da ezer maitea".

Dotore bukatu du lana: "Jada ez dugu gauza handirik andretik ta senarretik / ta bizi gara alboko horrek eiten duen marmarretik / baina une oro denez tortura / aterako zait "hau bukatu da" / eztarriko intxaurretik / eztanda egin aurretik".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

19:42

Gorka Pagonabarragak ere lan ederra osatu du. hirugarren bertsoan poto bat egin arren. Hauxe zuen gaia: "Urteak daramatzazu bakarrik bizitzen. Gaur, komunikabideetan entzun duzu harrera familien beharrizana dagoela". Bakardade sentimenduan jarri du fokua lehen bertsoan: "Bizitza batzuk besteak baino txarrago irteten dira / eta urteak pasatu zaizkit ispiluari begira".

Bigarren bertsoa, biribilena: "Baina entzun berri dudan berria niretzat ze ezusteko / famili eske omen dabitlza bateko eta besteko / notizi honek atoan eman dizkit hiru zaplasteko / ta hausnarketa hor ibili naiz kapaz ote naiz eusteko / kapaza ote naiz terko / maitasuna da hain kuriosoa bere zalantzak tarteko / askorik jaso ez dudan arren asko daukat emateko".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

19:34

Banaketa enpresa bateko langilea da Etxahun Lekue. Presaren presaz, gaur furgonetarekin ia istripua izan du. Ez du lortu lehertzea, baina utzi du ale onik. Bigarrena, esaterako: "Denda handi bihurtu jaku interneta / ta lanbide berria dogu banaketa / ehunka gidari gabiltz buelta eta buelta / baldintza bakarra da kotxeko karneta / behin jarriz arreta / zertan furgona eroan paketez beteta / geu be pakete legez tratatzen gaitue ta".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

19:28

Nerea Ibarzabalek ederki biriildu du saioa bakarkakoarekin. Buruz burukorako hautagai nabarmenena dela esan liteke. Halaxe jarri diote gaia: "Denbora da liburua argitaratu zenuela. Kontrako iritzirik jaso ez arren, isiltasun handia igertzen duzu inguruan".

Bikain zehaztu du gaia, Kontrako eztarritik liburuaren egilearen azalean jarriz. Lehengoa halaxe amaitu du, argitalpenaren ondorengo isiltasuna nabarmenduz: "Harria bota putzu erdira baina uhinik ez dator". Bigarren bertsoa ere ederra bota du, eta hirugarrena, biribila: "Baina hala ere pisua kenduz ta saihestuz iskanbila / behintzat elkartu gara andrazko talde bat oso abila / bere bidea egin duena pausoan bide trankila / ta mutu-mutu dagoen hori mutu geratu dadila / gu elkartzeko egin nuen hau ez euren erantzun bila".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

19:20

Gaztaina saltzailearen paperetik aritu da Onintza Enbeita. Gaur nerabe kuadrila hurbiltzen ikusi du. Dozena bat gaztaina prestatzen hasi da, baina berarekin selfie bat egin baino ez dutela nahi esan diote. Egoera deskribatzen hasi, eta haserrea adieraztea lortu du:" Zelan esango deutsat gaur baietz brometako selfiari / hoba dozue bakean itxi bakean dagoenari". Bide beretik egin du bigarrena: "Niri begira zagoze goitik ni ikusten hain arraro / baina oraindik jausi zeinkie ni baino askoz beherago".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

19:07

Bakarkako lanak

Bakarkako lanei ekin diete bertsolariek. Azken ariketa puntuagarria izango dute buruz burukora nor pasatuko diren jakin aurretik. Xabat Galletebeitia hasi da, eutanasiari buruzko gaiarekin.

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

19:01

Ostalariak dira Aitor Bizkarra eta Aitor Etxebarriazarraga. Egun batzuk dira Covid ziurtagiria eskatzen hasi zirela. Etxebarrizarragak Bizkarrari esan dio ez duela ulertzen zergatik egin behar duen hori. "Ba hona poliziak baletoz galako / hau nabarmenegia izango zalako", hasi da Bizkarra.

"Bale eskatu NANa eta QRa / babeste elkarren atze ta aurrea / baina zelanik jasan askon haserrea", erantzun dio Etxebarrizarragak. Hirugarrena ere, hasierako bidetik, Bizkarrak: "Lehen polizia denak hortxe derrigorrez / bereizten genituen kaskoez ta porrez / ta egun polizia denok ta inor ez".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

18:54

Gaurko elkarretaratzean, Jone Uria eta Gorka Pagonabarraga hizketan egon dira pentsio duinen aldeko borrokak daukan babes faltaren inguruan. Jonek Gorkari esan dio hainbeste babes faltaren ostean nekatzen hasia dagoela. Hasiera ona eman dio Gorkak: "Ile urdin ta zimur ez hitz ez botere / beranduegi zaigu nekatzeko ere". Jonek, berriz: "Hemen norbera soilik norberaren alde / gu hemen gaude baina gazteak non daude?". Azken hori seguruago aritu da ofizioan zehar.

 

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

18:45

Ikaskideak dira Onintza Enbeita eta Etxahun Lekue. Gelakide batek astero egiten ditu eraso homofoboak irakaslearen kontra. Gaur, hari aurre egiteko proposamena egin dio Etxahunek Onintzari.

Etxahunen lehen bertsoa, goitik beherakoa: "Jokin gure kideak zelango azala / musukoa ez harek behar leuke bozala / ikasleok txarretik txarrera goaz hala / aurre egin ezean dinodan bezala / pentsatuko dau bere alde gagozala".

18:38

Hamarreko txikia

Xabat Galletebeitia eta Nerea Ibarzabal. Arrantzaleak dira, eta Bidasoa ertzean ibiltzen dira arrantzan. Nereak Xabati esan dio azkenaldian Bidasoak tristura handia eragiten diola, eta nahiago duela beste nonbait arrantzan egin. Nerea bikain hasi da: "Bidegurutze bat da ta oso arrotza / gure bizibidea besten heriotza". Xabaten erantzuna ere gogoan hartzekoa: "Uzten baldin badugu Nerea betiko / zer egingo dugu geu ez gaitezen ito?".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

18:26

Puntu erantzunetan ari dira bertsolariak orain. Zortziko txikian, Nerea Ibarzabal, Xabat Galletebeitia eta Aitor Bizkarra aritu dira freskoen, eta asmatu dute entzulea pizten.

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

18:18

Gorka Pagonabarraga eta Aitor Etxebarriazarraga. Turismo gidaria da Aitor, eta turista talde bati Bilbo erakusten ari da. Zazpikaleetan sartu direnetik, atzetik dute Gorka, Aitorren azalpen guztiak zuzentzen. Ez dute guztiz lortu egoerari zukua ateratzea, baina utzi dute ale onen bat. Gorkak, esaterako, hirugarren bertsoan: "Bilbotar harro nauzu erdi lotsabako / museoko pieza bat Guggenheimerako".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

18:11

Lagunak dira Aitor Bizkarra eta Jone Uria. Hatortxurock-erako sarrerak hartu zituzten, baina bertan behera geratu zela eta, lehen aldiz etorri dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera. Ofizio bizia eginda, lortu dute giroa berotzea.

Umore finez hasi da Aitor: "Entzun nahi genituen McOnak Sutagar / ta orain Oskorrirekin konformatu behar". Jonek ondo eman dio segida: "Nik ezin topatu ta ezin ulertua / non daude txoznak eta akanpalekua". Aitorren erantzuna, ederra: "Txoznak eta kanpina ai Jone auskalo / baina pareko horrek ze aurpegi talo / ta horrek akanpatu du eserlekuan lo".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

18:06

Bikotea dira Etxahun Lekue eta Xabat Galletebeitia. Nahiko despistatua da Etxahun, eta gauzak leku estrategikoetan uzten ditu, non dauden gogoratu ahal izateko. Xabatek beti aldatzen dizkio lekuz. Kolpe onak jotzen asmatu du Xabatek. Lehenengoan: "Zahartzen zoazenez zu azkenerako / entrenamendua da memoriarako". Bigarrenean: "Hubilekoak urrun, urruna hurbila / jolastu nahi al duzu altxorraren bila".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

18:01

Zortziko txikia

Udalerri bateko zinegotziak dira Onintza Enbeita eta Nerea Ibarzabal. Hurrengo udalbatzan eurrekontuen balantzea egin behar dute, eta urtean zehar jatetxeetan egindako gastua nola justifikatu ezinean dabiltza. Bulegoan elkartu dira biak.

"Protokolo gastuak ipini ta kito", hasi da Onintza. Nerea hasi da txispa ateratzen. Hitz joko ederrak eginez, lehen bertsoan: "Lanpernetan linterna jarri ta kalkula / ta angula jartzen al du, ba ipini gula". Bigarrenean asmatu du tonu egokia bilatzen, entzuleen algarak eraginez: "Ezkutatu tiketak, ipini trabeska / txakurrak jatearena gehegi da ezta?".

17:55

1990eko hamarkadan torturatuak izan ziren Jone Uria eta Aitor Etxebarriazarraga. Biktima gisa aitortzeko eskaria egin du Jonek; Aitorrek, aldiz, ez. Nork bere arrazoiak emanez ekin diote, baina ofizioaren amaieran lortu dute elkarrizketa hobeto lotzea. Aitorrek: "Baina nik ez dot ez gaitz fisiko ez elbarritasun totala / ta iruditzen barriro ere atzerantz eitea dala". Joneren erantzuna: "Aurrera egin atzera egin zer den ondo ez dakit ai / niri zauririk ez dit itxiko baina eurei ireki bai".

17:48

Aspaldiko lagunak dira Aitor Bizkarra eta Gorka Pagonabarraga. Euren arteko harremana erdaraz izan da beti. Denbora da Aitor euskaraz berbetan hasi zaiola lagunari, baina Gorkarentzat ez da erraza Aitorrekin euskaraz egitea.

"Harreman zahar bat hizkuntza berriz janzten estu bagaude gu / gura baduzu harremana ere hutsetik has dezakegu", kantatu du Aitorrek, lagunari bidea zabaldu nahian. Gorka: "Nik intentoa egin nahi nuen euskalduna nintzelako nintzelako / baina pultsua urduritzen zait hirugarren hitzerako".

"Nik atsaldeon esango dizut zuk esan halan ekarri", proposatu dio Aitorrek, eta asmatu du ondo erantzuten Gorkak: "Zuk bide hortan jarrai ezazu ez zaiozu eman buelta / azkenerako arratsalde on neuk esango dizut eta".

17:42

Neba arrebak dira Nerea Ibarzabal eta Etxahun Lekue. Gurasoek, lana dela-eta, ez dute haiekin egoteko denborarik, eta beste norbaitekin egon ohi dira. Nereak onartzen du egoera, baina Etxahun haserretuta dago gurasoekin. Irudi egoki bat osatuz hasi da Nerea: "Ikusi beste guraso asko parkean egoten dira / euren umeei tablet bat eman eta zerura begira". Etxahunen erantzuna: "Lehen saioa geunkon lehengoan urduri ta azalgorri / ta bertan behar genduzan baina hara be etziren etorri".

17:36

Hasi dira ariketa puntuagarriekin

Xabat Galletebeitia eta Onintza Enbeita hasi dira zortziko nagusian. Bi preso dira Xabat eta Onintza, eta pandemia hasi zenetik ez dute aurrez aurreko bisitarik eduki, eta gero eta gogorragoa zaie egoera. Xabat, familiari sentimendu hau ezkutatu nahian aritzen da. Onintzak, ostera, nahiago du sentitzen duena haiekin konpartitu.

"Nik nahiago dut nire ahoa itxita izan mihi puntaz / bestela ere nahiko sufritzen dutelako nire kulpaz", hasi da Xabat. Onintzak, ez duela zertan ibili ezkutatzen: "Total begietan igerten jaku ahoz esplikau ezean". Saio sinesgarria osatu dute, elkarri erantzunez.

17:26

Bederatziko txikian osatu du agurra Aitor Bizkarrak: "Nola mugimendu / honen hunkimendu / sutsua mantendu / nahian gatozen gu / galtzen duenak ere irabazten du".

Pandemiaren inguruko murrizketak aipatuz, Jone Uria: "Final hau nahiz desberdina den bestengandik zeharo / nire finalik onena egiteko gogoz nago / ze gaur egongo zarete inoiz adiago".

Aitor Etxebarriazarraga: "Bueno eta zuek zelan zeuen kinielei adi / ni onena opa deutsat atzeko zazpikoteari / baina behin hasita ez dau ez zahar gazte, ez txiki handi / nik neure bertsoa dakart eta helburua argi / gozaraztea zuei eta neure buruari"

17:21

Onintza Enbeita, duela hiru urteko txapelduna: "Ia bi urte pasatu ostean orain ondo orain txarto / pasaporterik bako bidaia bat merezi dogulako".


Lirikotasun bereziarekin osatu du agurra Nerea Ibarzabalek, ahots tonuarekin jokatuz azken puntuan: "hontzak hegan behorrek lurrari ostiko / izarren hautsez bete ditut bi poltsiko / beharbada ez duzu ezer sinetsiko / baina nik enituzke begiak itxiko".

Etxahun Lekue: "Azkena izango dala jakinda, ta lehenengoa balitz lez".

Gorka Pagonabarraga: "Kantatu nahi dut begiak zoli itsu dabilen munduan / finala dela jakitun baina ez baldin balitz moduan".

17:15

Hasi dira agurrekin. Xabat Galletebeitia, Miribillarekin hitz jokoa eginez: "Ta txunditzera gatoz ta ondo baldin badoa / gaurkoa izango da inoiz baino Miribillagoa".

17:12

Oholtzan dira bertsolariak

Harrera beroa egin die entzuleak Bizkaiko finalean arituko diren zortzi bertsolariei. Honako lanak egin beharko dituzte: ofizioka, zortziko nagusian hiruna bertso; ofizioka, zortziko txikian, hiruna bertso; puntua emanda bi bertso; ofizioka, hamarreko txikian, hiruna bertso; eta bakarkako gaia emanda beste hiruna, neurri librean.

Buruz burukora sailkatutako biek, azkenik, zortziko txikian eta seiko motzean egin beharko dituzte bi ofizio, eta kartzelako lanaean, gaia emanda, hiruna bertso bertso osatu beharko dituzte.

17:03

Urtebeteko atzerapenarekin iritsi da aurtengo txapelketako finala, eta ez dago faborito argirik. Onintza Enbeitak jantzi zuen txapela orain hiru urte, eta Etxahun Lekuek ere badu txapel bat etxean, 2016koa. Finalean lehenengoz arituko dira, aldiz, Aitor Etxebarriazarraga eta Gorka Pagonabarraga.

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

16:52

Hastear da finala Miribillan

Saioa hasteko hamar minutu eskasen faltan, pixkanaka itxura ederra hartzen ari da Miribilla. Zortzi bertsolari arituko dira gaurkoan txapelaren bila, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean: Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Etxahun Lekue Etxebarria, Gorka Pagonabarraga Agorria, Nerea Ibarzabal Salegi, Onintza Enbeita Maguregi, Xabat Galletebeitia Abaroa eta Jone Uria Albizuri. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Idoia Anzorandia Kareaga eta Itxaro Juaristi Olaetxea arituko dira.

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena


Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Ondo ari nintzela sumatzen nuen; nik egin nahi nuena egitetik oso hurbil»

Miren Mujika Telleria

Igandeko saioa irabazita, Haritz Mujika da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetarako laugarren sailkatua. Hala, Donibane Garazin kantatuko du hurrena, urriaren 29an.
Manex Agirre eta Miren Artetxe, atzoko saioan. ©RAUL BOGAJO / FOKU
Bi ikusle, Bilboko Guggenheim museoan. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...