Lan gatazkak

Alestiseko 56 kaleratzeak berretsi ditu Auzitegi Gorenak

Ez du onartu sindikatuen helegitea, enpresak lan erregulazioa egiteko ekoizpen arrazoiak zituela iritzi diolako  

Alestiseko langile bat kaleratzeen aurka eginiko protestaldietako batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko abenduaren 17a
18:37
Entzun

Alestisek Gasteizko plantatik kaleraturiko 56 langileak eta jarduna borondatez uztea erabaki zuten beste 21ak ez dira itzuliko haien lanpostuetara. Espainiako Auzitegi Gorenak ez du onartu ELA eta CGT sindikatuek jarritako helegitea —LABek ere babestu zuen—, eta ontzat eman du EAEko Auzitegi Nagusiak iragan maiatzean emaniko ebazpena. Ordukoan lan erregulazioa egiteko arrazoi objektiboak zeudela ebatzi zuen Gizarte arloko Salak, eta Gorena ondorio berera iritsi da. Horrenbestez taldekako epaibidea amaitu da, eta langileek banakako salaketen bidea berpiztuko dute.

Auzitegi Gorenak euskal aeronautika sektoreko lehen lan erregulazio espediente handiaren inguruko bere iritzia plazaratu du. Ondoren etorriko dira Aernnovaren eta PCB-ITP Aeroren auziak eta ikusi beharko da aurrekari bat den ala ez. Horretarako sententzia sakonean irakurri behar da, baina momentuz ezinezkoa da, atzokoan ebazpenaren laburpen bat bakarrik kaleratu baitzuen epaileak.

Ebazpenean Gorenak bere egiten ditu Alestiseko zuzendaritzak lan erregulazioa egiteko eman zituen argudioak. Alegia, neurri hain traumatiko bat onartzeko «ekoizpen arrazoiak» zituela aitortzen dio. Enpresak Airbusentzat bakarrik egiten du lan —ekoizpenaren %96,5 harentzat da—, eta enpresaren arabera Europako aeronautika erraldoiak modu «ofizial eta behin betiko batean» jakinarazi zion hurrengo urteetako ekoizpena nabarmen murriztuko zuela.

Argudio horretan COVID-19aren eragina suma daiteke, baina epaileak oharrean nabarmendu du Alestisen ekoizpen arazoak aurretik zetozela. Zehazten du enpresa 2012an hasi zela lankarga ezberdinetara egokitzeko neurriak hartzen, eta urte hartan hartzekodunen zerrendan sartu zela. Haren ondoren lan hitzarmena sinatu zuten 2014an, eta zazpi urterako itxaronaldi bat adostu zuten langile batzorde eta zuzendaritzaren artean. Tarte horretan lanaldi murriztuarekin aritu ziren langile gehienak. Alestisek konkurtso legeko eta konkurtsoz kanpoko zorraren %33 du ordaindua.

Gorenarentzat, dena den, erraza zen EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena berrestea, Alestiseko langile batzordeak onartu egin zituelako erregulazioak eragindako kaleratzeak. Gasteizko lantegiaz gain, Alestisek hainbat planta ezberdin ditu Espainian, eta guztietako ordezkariek bat eginda negoziatu zuten erregulazioa onartu ala ez. Gauzak hala, batzordeak enpresaren eskaintza onartu zuen UGT eta CCOO sindikatuen bozarekin.

Gasteizko plantan, baina, ELAk eta LABek dute gehiengoa, eta ebazpenari helegitea jartzea erabaki zuten. Dena den, ezin dute esan atzoko ebazpena ezustekoa izan denik, oso zaila baitzen epaileek atzera botatzea langile batzordearen gehiengoak onarturiko adostasuna.

Aurrekaria al da?
Eragiten al die ebazpen honek Aernnova eta PCB-ITP Aeroren ebazpenen helegiteei? Biak Auzitegi Goreneko epaileen mahaietan daude zain. Biak aeronautika sektoreko enpresak dira, baina bide ezberdina egin zuten. Aernnovaren kasuan EAEko Auzitegi Nagusiak ontzat eman zuen 55 langile kaleratu zituen lan erregulazioa, eta sindikatuek —ez zuten erregulazioa onartu— jarri zuten helegitea. PCB-ITPren kasuan aldiz, epaileek ez zuten erregulazioa onartu, eta enpresak berriz onartu behar izan zituen kaleratu asmo zituen 73 langileak. Logikoa denez, kasu horretan enpresa izan zen Gorenera jo zuena.

Azken kasu horretan epaileek COVID-19aren eraginagatik kaleratzeko debekuaren dekretua erabili zuten ebazpenaren oinarrian —Tubacex auzian bezala—, eta hori da Gorenak askatu behar duen korapiloa: sektoreko ekoizpen krisia aurretik zetorren edo COVID-19ak eragin zuen? ITP-PCBren ebazpenean behin behineko neurriak aski zirela zehaztu zuten epaileek, aldi baterako espedienteak alegia, eta langileak horrelakoak onartzeko prest zeuden. Horrelako xehetasunetan datza langileen itxaropena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.