Ziurtagiriari buruzko lau erantzun

Eusko Jaurlaritzak, osasun ziurtagiriaren erabilera zabaldu duenez, hainbat galdera erantzun ditu erabileran sor daitezkeen zalantzen inguruan

arantxa iraola
2021eko abenduaren 17a
20:10
Entzun

Horra Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman dituen hainbat argibide lau galdera-erantzunetan jasota:

Non aurkeztu beharko da?
Ostatuetako barruko aldeetan ez ezik, joko aretoetan, zine aretoetan, museoetan, liburutegietan, antzokietan eta kultur jarduerak egiteko gainerako tokietan ere erakutsi beharko da. Kirol instalazioen barruko aldeetan ere bai. Ostatuetan ere salbuespena izango dira kanpoko aldeak, terrazak; Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, toki itxietan bakarrik aurkeztu beharko da ziurtagiria, eta, ondorioz, terraza-eta antzekoetan ziurtagiririk ez du inork eskatuko. Establezimendu horietako langileei ez zaie eskatuko, eta lan kontuengatik bertara joan beharrean egon daitezkeen pertsonei ere ez.

Zein toki itxitan ez da eskatuko?
Ziurtagiririk ez dute eskatuko txoko eta elkarte gastronomikoetan eta lantokietako jangeletan; elizetan ere ez, elizkizunetan dauden bitartean. Eramateko produktuak saltzen dituzten kafetegietan-eta ere ez da eskatzeko obligaziorik egongo. Kafetegi-eta ere badiren okindegi eta antzekoetan osasun ziurtagiria bakarrik eskatu beharko zaio bezeroari establezimendu barruan zerbait jatera edo edatera badoa.

Merkataritza zentroetan nola jokatuko da?
Ez da beharrezkoa izango merkataritza zentroetan sartzeko inolako ziurtagiririk erakustea. Merkataritza zentroan jateko eta edateko aukera ematen duten establezimenduak badaude, horietan sartzeko aurkeztu beharko dute bezeroek ziurtagiria.

Aski da ziurtagiria aurkeztearekin?
Osasun Sailak gogora ekarri du ezinbestekoa dela ziurtagiriarekin batera nortasun agiria ere erakustea. Establezimenduetako arduradunek ez diete sartzen utzi beharko horrela jokatzen ez duten pertsonei, eta abisu emanda ere, kasurik egiten ez badute, Poliziari deitzeko era izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.