Kataluniako murgiltze eredua

Katalanezko irakaskuntzaren aurkako oldarraldia salatu dute Bartzelonan

Generalitateko presidente Pere Aragonesek «nazionalismo espainiarraren ofentsiba» salatu du, eta mezu bat bidali die irakasleei: «Segi lanean orain arte bezala».

Manifestazioaren amaierako ekitaldia. BERRIA
Maite Asensio Lozano.
2021eko abenduaren 18a
10:40
Entzun

Badira asteak eta hilabeteak murgiltze irakaskuntzaren gaiak harrabotsa sortu duela Katalunian. Azaroaren amaieran iritsi zen Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpena, eta, epaiaren arabera, Katalunian ikastorduen %25 gazteleraz ematera behartuta daude. Ebazpenaren arabera, ikasleek «berehala» hasi behar dute eredu berri horretan ikasten. Hain justu ere, hori salatzeko atera dira gaur kalera Katalunian, murgiltze irakaskuntzaren alde manifestatzera.

Ordua 11:00etan zuten, murgiltze sistemaren defentsan: Som Escola plataformak deitu du manifestaziora, «%25aren epaiaren» aurka.

Ara i sempre, l'escola en català! izan da mobilizazioaren leloa (orain eta beti, eskola katalanez). Izan ere, katalanezko murgiltze eredua bertan behera utzi du %25aren sententziak: ikastetxe guztietan irakastorduen laurdenak gaztelaniaz eman beharko dituzte.

USTECSTES, LaIntersindical, eta Kataluniako UGT eta CCOO sindikatuek bat egin dute mobilizazioarekin, baita Plataforma per la Llengua erakundeak ere. Omnium erakundeko Jordi Cuixartek nabarmendu du katalanezko eskolak «gizartearen kohesioa» bermatzen duela.

Generalitateko presidente Pere Aragones ere manifestazioan izan da. Txalo artean jaso dute. Epaia «nazionalismo espainiarraren ofentsiba bat» dela esan du, eta gogoratu du murgiltzeak «gizartearen adostasuna» duela. Irakasleei mezu bat bidali die: «Segi lanean orain arte bezala».

Manifestaziorako giroa berotu bitartean, Kataluniako Parlamentuan murgiltzea babestu duten alderdiak pasatu dira prentsaren aurretik. PSC, ordea, ez da joan manifestaziora: kongresua du gaur; asteazkenean Kataluniako Parlamentuan eginiko bilkuran ere ez zuen bozkatu sententziaren aurka.

Edonola ere, protestan egon da Ernest Maragall Hezkuntza kontseilari ohia. Egungo eredua mantentzearen alde, manifestu bat sinatu zuen joan den astean, egungo sailburu Josep Gonzalez-Cambray
eta beste sailburu ohiekin batera.

Sant Joan pasealekuan hasi da manifestazioa. Antolatzaileek kartoizko esku berde batzuk banatu dituzte, marea berde bat irudikatu nahi dutelako, katalanezko eskolaren defentsan.

Protestan aurrera egin ahala, esku berdeak altxatu eta «orain eta beti, eskola katalanez» oihukatu dute. Independentziaren aldeko afixak eta aldarriak ere ikusi dira.

Txaloka jaso dute pankarta ehunka lagunek ekitaldiko agertokiaren aurrean. «Zorionak! Marea berde handi bat egin dugu katalanezko eskolaren alde!». Txalo are ozenagoak irakasleen alde.

Hiru emakumek irakurri dute Som Escolaren manifestua: ama batek, ikasle batek eta irakasle batek. Onartezintzat jo dute auzitegiak hezkuntza politikan sartu izana: «Irain bat da profesionalentzat».

Hizkuntzaren instrumentalizazio politikoa salatu dute: «Katalanaren aurkako erasoak etengabeak dira, eta bitartean egoera kritikoan da ikasgeletan». Kataluniako instituzioei eskatu diete «herri kontsentsu hau blindatzeko»; eta Espainiakoei, «akordiook errespetatzeko».

Bertako artisten musika emanaldiekin amaitu da ekitaldia, «herriko talentua une ezinhobea» dela erakusteko. Festa giroan bukatu arren, ohartarazi dute katalanezko eskola arriskuan dela eta mobilizatzen jarraitu beharko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.