REALA 1-3 VILA-REAL

Realak burumakur jarraitzen du

Realak laugarren partida galdu du jarraian ligan, Vila-realen aurka. Epaileak Oiartzabal kanporatu du bigarren zatiaren hasieran, eta horrek erabat baldintzatu du lehia

Martin Zubimendi eta Alexander Isak, burumakur, partida amaieran. JON URBE / FOKU
jon eskudero
2021eko abenduaren 18a
19:25
Entzun

Ezinbestean, burumakur amaituko du urtea Realak. Urte ahaztezina izan du aurtengoa, besteak beste, Espainiako Kopako tituluarekin 34 urteko lehortea amaitu baitu. Ordea, bolada oso txarrean agurtuko du 2021a. Ligako azken hiru partidak jarraian galdu ondotik, onbidean sartzeko itxaropenez ziren gaur txuri-urdinak, baina berriz ere kale egin dute, Vila-realen aurka, Anoetan. Distira berreskuratu eta irabazteko osagai guztiak zituen Imanol Alguacilen taldeak, harmailetan aparteko giroa ezarri baitute jarraitzaileek, eguzkia lagun. Partidak berak ere sortu du baikortasunerako arrazoirik lehen minutuetan, are gehiago Isakek lehen gola egin duenean. Hots, batez ere geldikako jokaldietan jasotako bi golek kondenatu dute etxeko taldea. Eta, nola ez, Oiartzabalek bigarren zati hasieran ikusitako txartel gorriak. Hortaz, laugarren porrota jarraian jaso dute.

Neurketak lehen zati distiratsua izan du. Akaso, zer hobetua sumatuko zuten bi entrenatzaileek, baina ikuslearentzat gustagarri joan da jokoa. Erritmo bizian aritu dira bi taldeak, eta erraz topatu dute aurkariaren atea: Realak lau erremate egin ditu atera, eta Vila-realek, zortzi. Bada, berriz garaipenera itzultzeko helburuarekin aldaketak egin ditu Imanolek. Lesioak gaindituta, Merinok eta Silvak hasieratik jokatu dute, eta nabarmentzekoa izan da atepean Ryanen alde egindako apustua.

Hasieratik izan dituzte golak egiteko aukerak bi taldeek, baina bisitarienak nabarmenagoak izan dira. Yeremi Pinok birritan kale egin du, eta Diak ere zeruetara bidali du baloia Ryanen aurrean. Realak ere izan du aukerarik, baina Oiartzabal eta Isak ez dira fin aritu. Erasoko jokoa nagusitu zaio defentsakoari.

Dinamika horretan, Isak izan da ate aurrean asmatzen lehena. Babak eltzetik ederki atera ditu suediarrak, 32. minutuan. Ezker hegalean baloia hartu, aurkariari iskin egin eta zutoinaren ondoan maisuki jarri du baloia, areaz kanpotik. Aukerarik zailenean aurkitu du eraginkortasuna. Golarekin, lasaitasuna irabazi du Realak, eta ordura arteko nolabaiteko eromenari kontrola ezarri dio.

Ordea, lehen zatiko minuturik onenetan jaso du banakoa, geldikako jokaldi batean. Vila-realeko jokalariek mugitu ezinik utzi dute Zubeldia, eta Gerard Morenok sareetara bidali du baloia, buruz, 38. minutuan. Unai Emeryren taldeak ongi ikasia eraman du Realak kornerrak gelditzeko erabili ohi duen taktika. Lehen zatia amaitzerako beste aukera garbi bat ere izan du, baina Zalduak atepetik atera du baloia.

Kornerretan, kale

Bigarren zatiaren hastapenean gidoi berari eutsi dio norgehiagokak, erritmo bizian eta intentsitate handiz zelairatu baitira bi taldeak. Ahalik eta Oiartzabalen txartel gorria iritsi den arte, 49. minutuan. Eibartarrak falta gogorra egin dio aurkari bati, atzetik gogor astindu baitio hanka, eta epaileak ez du zalantzarik izan. Zaleen txalo artean hartu du aldageletarako bidea kapitainak, egindako hutsaren jakitun. Hori bai, jokaldi horrek erabat baldintzatu du partida.

Indarrak berdindu asmoz, Imanolek Barrenetxea eta Portu zelairatu ditu, Silvaren eta Januzajen ordez, baina Vila-real nagusi izan da. Parejoren gidaritzapean, nahierara mugitu du baloia, eta Reala aurkariaren atetik oso urrun egon da une oro. Bazirudien bisitarien gola denbora kontua besterik ez zela izango, eta berriz korner batean iritsi da, 69. minutuan. Txuri-urdinak ez dira fin aritu defentsa lanean, eta Gerard Morenok ez du barkatu.

Azken hogei minutuetan bihotzarekin gehiago jokatu du Realak ahalarekin baino. Joko zuzena egin asmoz, Sorloth zelairatu da, eta hura eta Isaken artean saiatu dira baloi horiei etekina ateratzen. Luzapenean gola egiteko zorian izan da norvegiarra, baina ez du asmatu. Asmatu duena Vila-real izan da, 1-3koa sartu baitu kontraerasoan Chukwuezek. 95.ean. Beste kolpe bat jaso du Realak, baina animoa altxatu beharra du urte berriari begira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.