Manifestazio jendetsua egin du Bizitza plataformak Donostian

Covid ziurtagiriaren aurka antolatu dute bilkura. Donostiako kaleak hartu dituzte bi orduz, eta txertoaren aurkako aldarriak ere egin dituzte.

Manifestazioaren irudi bat. ANDONI CANELLADA/FOKU
jone arruabarrena
2021eko abenduaren 18a
20:57
Entzun

Milaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Donostiako Bulebarrean, Bizitza plataformak deitutako manifestazioan. Covid ziurtagiriaren aurka deitu du plataformak bilkura; atzo ere, Bilboko Sabin Etxearen aurrean aldarri bera egin zuen taldeak.

Bulebarreko kioskoan mikrofoa hartuta eman diote hasiera protestari. Plataformako kide batek adierazi duenez, ziurtagiriak «oinarrizko eskubideen aurka» egiten du. Gobernua eta komunikabideak «gezurretan» ari direla azaldu dute, eta Covid-19aren aurkako txertoa ere gaitzetsi dute: «Txertoa sendagai genikoa da». Esan dutenez, gizartearen gehiengoa txertatuta egonda ere, jendeak hiltzen jarraitzen du: «Iaz garai honetan, txertatu gabe ere, positibo eta hildako gutxiago zeuden». Azaldu dutenez, manifestarien laguntza behar du plataformak, «komunikabide, osasun arreta eta ekonomia propioak» sortzeko.

Hitzartzearen ondoren, jendetzak hartu ditu Donostiako zentroko kaleak, Beldurraren birusak sen ona hil du zioen pankarta aurrean zutela. Manifestari ugari bildu ditu hitzorduak, eta askotariko afixak irakurri zitezkeen manifestazioa aurrera zioan heinean: Pasaporte faxistari ez, Haurrak ez ikutu, Evaristo lehendakari edo Farmafia zioten, besteak beste, kartelek. Bestelako oihuak ere entzun dira Donostiako kaleetan; «Gora maitasuna, askatasuna eta batzen gaituen guztia», zioten manifestari batzuek, bakearen sinboloa marraztuta zeukan afixa batekin. Era guztietako musikarekin girotu dute protesta: bozgorailu batzuetatik zetorren tekno musikatik hasi, eta txistua edo panderoa jotzen zebiltzan manifestarietaraino. Giro alaia haserrea zerien oihuekin nahastu da manifestazioan; elkarrengandik gertu zeuden, baina jende gutxi ikus zitekeen maskara jantzita.

Koronabirus mozorroa ere bazeramaten manifestari batzuek; beste batzuek buruan plastiko beltzak zeramatzaten, osasunaren burka, herri totalitarioa lelopean. Osasungintzako langile batzuk ere batu dira protestara, Osakidetzako langileak osasunaren eta askatasunaren alde zioen pankarta eskuetan zutela. Ostalaritzan lan egiten dutenak ere izan dira;«Ez gara poliziak, ostalariak gara» oihukatuz.

Bi orduko ibilbidearen ondoren, berriro ere hasierako kioskora heldu da manifestazioa. Bidean zehar manifestariak kale askotan sakabanatu dira, eta gero lanak izan dituzte leku berean elkartzeko. Falta zirenak heldu bitartean pertsona ugari igaro da kiosko gainetik; mikrofonoa hartzeko. Besteak beste, ikasle batek hartu du hitza, bere eskolako zuzendariari «askatasuna» eskatzeko: «nire ikaskide batzuk ezin badira museoetara edo kiroldegira sartu, nik ere ez dut sartu nahi». Amaierako ekitaldiaren ondoren, «askatasuna» aldarrikatzen zuten oihu artean bukatu da bilkura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.