Harri jasotzea

Urrak laugarrenez jantzi du Harri Txikien Euskal Herriko txapela

Zarauztarrak 12.165 kilo altxa ditu denera. Bigarren izan da Xabat Olaizola 10.350 kilo jasota, eta hirugarren, gutxigatik, Hodei Iruretagoiena Izeta IV. Harri handien txapelketan Jokin Eizmendi gailendu da.

Zarautz kirol elkarteko harri jasotzaileak eta entrenatzaileak, gaur, Gernikan (Bizkaia). Olaizola falta da argazkian. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2021eko abenduaren 19a
19:08
Entzun

Pronostikoak bete dira Gernikan (Bizkaia) jokatu den Harri Txikien Euskal Herriko txapelketan: aise gailendu da Mikel Lopetegi Urra. 25 urteko zarauztarrak laugarrenez irabazi du txapela, denera 12.165 kilo altxata. Bigarren izan da haren lehengusua den Xabat Olaizola, baina tarte nabarmenarekin: 10.350 kilo jaso ditu Olaizolak, eta 75 gutxiago, 10.275, hirugarren sailkatuak, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.ak.

Hori izan da txapelketa ezustekoa, eta lehiari emozioa eman diona: pare parean ibili dira Olaizola eta Iruretagoiena, eta azken horren baliogabeko altxaldi bati esker lortu du bigarren postua zarauztarrak. Olaizolak berak, herenegun, Izeta jo zuen bigarren posturako faboritotzat. Laugarren Iraitz Arruti Burni sailkatu da.

Pandemia dela eta, txapelketako parte hartzeak nabarmen egin du behera azken urteetan. Duela pare bat urte bederatzi lagun inguru jardun ziren lehian. Aipatzekoa da gaur plazan elkartu diren lau lehiakideak Izetatarren eskolakoak direla, Zarautz kirol elkarteko herri kirol eskolako kideak.

Dena den, Olaizolak BERRIAri azaldu dionez, bildu da jendea Gernikan, giroa ederra izan da, eta oso ona izan da txapelketaren antolakuntza.

Eizmendi txapeldun

Harri handien txapelketan ere zarauztar bat nagusitu zen, faboritoa: Jokin Eizmendi. Txapelketa atzo jokatu zen Asteasun (Gipuzkoa), hark ere laugarren txapela du aurtengoa. Denera 6.900 kilo jaso zituen. Bigarren sailkatuak, Izetatarren eskolako Iñigo Eizagirre Eizak 5.245 kilo altxa zituen, eta Jon Unanue Goenatxo II.ak 5.075 kilo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.