Athletic 3-2 Betis

Betisi irabazita, Athleticek amaiera eman dio bolada txarrari

Zuri-gorriek markagailua irauli dute De Marcosek 88. minutuan sartutako golari esker. Zortzi jardunaldi zeramatzaten irabazi gabe.

De Marcos, Athleticen hirugarren gola ospatzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2021eko abenduaren 19a
19:28
Entzun

Gaitz guztiak kolpe batez uxatu ditu gaur Athleticek: garaipen bikaina lortu du, etxean, bolada bikainean zetorren Betisen aurka. Horri esker, bolada txarra eten du; izan ere, Marcelinoren taldeak zortzi jardunaldi jarraian zeramatzan hiru puntuak poltsikoratu gabe.

Neurketa ezin hobeto hasi da etxekoentzat: bigarren minutua bete aurretik sartu du lehenengoa Iñaki Williamsek, Muniainen pase bat baliatuta. Amorruz ospatu du gola aurrelariak. Pozak, ordea, gutxi iraun dio Athletici: bosgarren minutuan berdindu du lehia Juanmik, Realeko jokalari ohiak. Jokalariek ez dituzte aukera garbi askoz gehiago sortu lehen zatian.

Bigarren zatia hasi berritan, Fekirrek eman du lehen abisua; ondo erantzun dio. Lau minutu geroago, ordea, ez du barkatu Betisekoak: 1-2. Porrotaren mamua berriz azaldu da San Mamesen. Salbatzailea heldu da orduan, ligan 212 neurketa jarraian jokatuta daramatzan hori: Iñaki Williams. Aurrelariak gol ikusgarri bat sartu du ezkerrez, eta hankaz gora jarri du San Mames.

Sinistu egin du Athleticek, bere zelaian sartu da Betis, eta saria eskuratu dute etxekoek, azkenean: 88. minutuan asmatu du Oscar de Marcosek. Zoramena San Mamesen, eta berebiziko hiru puntu Athleticentzat. Sailkapen nagusian bederatzigarren postuan da.

Athletic: Agirrezabala; Lekue (De Marcos, 54'), Yeray, Nuñez, Balenziaga; Vencedor, Vesga (Zarraga, 54'), Nico Williams (Morcillo, 81'), Muniain (Sancet, 68'); Williams eta Raul Garcia (Berenguer, 68').

Betis: Rui Silva; Bellerin, Bartra, Victor Ruiz, Alex Moreno (Miranda, 82'); Guido (Edgar, 66'), Carvalho (Joaquin, 83'), Fekir; Canales, Juanmi (Rodri, 76') eta Willian Jose (Iglesias, 82').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.