Zaldibarko zabortegiko hondamendia

Verter Recycling enpresako arduradunek deklaratzeari uko egin diote Durangoko auzitegian

Zaldibar Argitu eta Eskubideen Gutuna elkarteek bilkura egin dute auzitegiaren atarian, «erantzukizun guztiak argitzeko» eskatzeko.

Zaldibar Argitu eta Eskubideen Karta elkarteek bilkura, auzitegiaren atarian. RAUL BOGAJO / FOKU
gotzon hermosilla
2021eko abenduaren 20a
10:37
Entzun

Zaldibarko zabortegiko hondamendia eragin zuen Verter Recycling enpresako arduradunek epailearen aurrean deklaratu behar zuten gaur, Durangon.

Hori dela eta, Zaldibar Argitu eta Eskubideen Gutuna plataformako hainbat kidek elkarretaratzea egin dute epaitegiaren aurrean. «Erantzukizun guztiak argitzea nahi dugu: enpresarienak eta hondamendia ahalbidetu zuten agintari politikoenak», esan du Gaizka Zabartek, Zaldibar Argituko eledunak.

10:30ak aldera amaitu da saioa. Auzipetuetako bat, Arrate Bilbao, ez da agertu, koronabirusak jota dagoelako. Beste biek deklaratzeari uko egin diote, akusazio partikularreko abokatu Carlos Alonsok esan duenez.

Joan zen astean, fiskaltzak eskatuta, epaileak onartu egin zuen Verter Recycling 2002 SM enpresak deklaratzea zabortegia erori ostean hasitako ingurumen delituaren auzian, eta gaur dute hitzordua epaitegian.

Epaileak onartu zuen enpresako kideek, hau da, «pertsona fisikoek» ez ezik enpresak ere ikertu moduan deklaratu behar duela. Ordura arte epaileak ez zuen onartu eskaera hori, Ekologistak Martxan-ek eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak osatutako herri akusazioak bi aldiz eskatu bazuen ere.

Ikerketa berriz luzatzeko eskatu zion fiskalak epaileari, ikerketa osatuko duten hainbat prozedura egin gabe daudelako eta aurreko luzapenaren sei hilabeteko muga bukatzear dagoelako.

Besteak beste, Zaldibarko zabortegia zergatik erori zen argitu behar du Cedexen peritu txostenak. Horrez gain, akusazio partikular batzuk deitu ditu deklaratzera, urtarrilaren 25erako. Fiskaltzak eskatu die argitu dezatela zer kalte egin zien haiei Zaldibarko zabortegia amildu izanak. Prozedura horretan deklaratu beharko dute Zaldibarko Udalak, Bizkaiko Ur Partzuergoak, Interbiakek eta Reale eta Allianz aseguru etxeek.

Halaber, Durangoko 1. Epaitegiko epaileak Bilboko Penaleko 2. Epaitegiari eskatu zion balora zezala beste kausan, hau da, lan arloko deliturik izan ote den argitu behar zuen auzian, desagertutako langileen senideen eta enpresaren artean adostu zuten akordioa.

Zaldibarko zabortegia 2020ko otsailaren 6an amildu zen, eta, ingurumen hondamendia eragiteaz gain, bi langile hil ziren: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Lan arloko delituari dagokion auzia itxita, ingurumen delituari buruzkoak jarraitzen du irekita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.