Innobasqueren tartea

Misioa: elikagaien xahutzea ekiditea

Rexcatering Fundacion Residuo Ceroko proiektu bat da, eta haren helburua da jantoki komunitarioetako, eskoletako eta ospitaleetako elikagaien soberakinak zaborretara botatzea ekiditea. Proiektua Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Kasu Praktikoen Bankuak jasotako proiektuetako bat da.

Rexcatering proiektuan lanean. INNOBASQUE
2021eko abenduaren 20a
12:23
Entzun

FAOren arabera, munduko elikagai-ekoizpenaren herena xahutu egiten da. Xahutze hori bai elikagaietan eta bai hura ekoizteko behar diren baliabideetan gertatzen da, eta horren inguruan geroz eta kontzientzia handiagoa dago. Berrikuntzari esker, gehiago dira hori konpontzeko moduak. Horietako bat da irabazi-asmorik gabeko Zero Zabor Fundazioaren proposamena; Rexcatering proiektuak ahalbidetzen du eskoletako jantokietako, lantokietako eta ospitaleetako elikagaiak ez botatzea zaborrontzira.

Janaria egoera bikainean dago. Egun horretan mahaikide gehiago egonda janari hori zerbitzatuko litzateke, baina, batzuetan huts egiten dutenez, soberakin bihurtzen da. Xahutzea ekiditeko konponbiderik sinpleena elkartasuna izan beharko litzateke, hau da, baliabide gutxi dituztenei eskaintzea. Dagoeneko prestatuta eta zerbitzatzeko prest dagoen janaria denez, horrek baditu arriskuak; elikagaiak dohaintzan eman nahi dituenak jakin behar du tratamendua egokia dela une oro. Izan ere, hura da kontserbazio okerrak azken kontsumitzailearengan sor ditzakeen arazoen gaineko legezko erantzulea. Beraz, nahiz eta tristea dirudien, baliteke elikagaiak dohaintzan emateko aukera eta prestutasuna duenak hori ezin egin izatea.

Hori ikusita, Galdakaoko fundazioak berrikuntza erabili du xahutzearen aurkako alternatiba seguru bat eskaintzeko. Hasteko, elikagaiak biltzeko metodologia bat garatu du, berme higieniko-sanitario guztiekin. Prozesua janaria prestatzen den sukaldean bertan hasten da. Plater bakoitza prestatu den ontzian bertan, soberakinak ontzi indibidualetara eramaten dira, eta termikoki zigilatzen dira. Ondoren, etiketak ipintzen dira, eta eraisgailu batean sartzen dira; horrek kontserbazio zuzena bermatzen du garraioan, hozkailu eramangarrietan. Prozesuan hondakinik ez sortzeko, ontzi eta film-paper konpostagarriak erabiltzen dira. Egitasmoaren helburuetako bat kontzientziazioa denez, eskoletan lan hori ikasleek egiten dute, sukaldeko langileen laguntzarekin, elikagaien manipulazioari buruzko prestakuntza jaso ondoren.

“Erreskatatutako” janariaren jomuga “hozkailu solidarioak” dira, eta horiek fundazioaren beste proiektu batekoak dira. Proiektu horrek, 2014an, hainbat udalerritako kaleetan hozkailuak ipini zituen, non tokiko dendek eta partikularrek janaria utz zezaketen nahi zuenak kontsumitzeko. Gaur egun, hozkailu horiek doako saltzeko makinak dira, eta bertan islatzen da berrikuntza. Proiekturako sortutako aplikazio bati esker, ontzi bakoitzaren etiketek iraungitze-datari eta alergenoei buruzko informazioa jasotzen dute, eta, gainera, datu berriak sortzen dituzte. Horrela, norbaitek makinatik ontzi bat ateratzen duen bakoitzean, makinak informazioa bidaltzen die eskoletan, ospitaleetan edo lantokietan janaria prestatzen dutenei, eta horri esker jakin dezakete zein menutan sortzen den soberakin gehien.

Proiektua abian jarri zen Hernaniko Aratz Ikastetxean eta Langile Ikastolan, eta horri esker 1.200 errazio erreskatatu dira. Horren harira, arduradunek zenbatetsi dute gai direla ekoizten den janariaren % 7 eta % 10 artean berreskuratzeko. Gaur egun, Hernaniko, Azpeitiko eta Plentziako dozena erdi ikastetxe ari dira lankidetzan egitasmoaren, eta vending makinak ere ipini dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.