Erresuma Batua

Dimisioa eman du Erresuma Batuko 'brexit'-erako ministroak

Pandemiaren aurka hartutako neurrien eta zergak igotzearen kontra agertua zen Frost. Beste ehun alderdikidek COVID-19aren ziurtagiria ezartzearen aurka bozkatu ostean heldu da ministroaren dimisioa.

David Frost ministro ohia, artxiboko argazki batean. OLIVIER HOSLET, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 20a
12:37
Entzun

Bakarrik utzi dute Boris Johnson lehen ministroa. Brexit-erako ministro David Frost izan da harengandik aldentzen azkena. Larunbat gauean eman zuen Frostek bere erabakiaren berri, Johnsoni bidalitako idatzi baten bidez, eta iragarri «berehala» utziko zuela kargua. Europako Batasunetik irteteko proposamena eta bidea bera izan dira Johnsonen agintaldiko egitasmo pisuzkoenak, baina lehen ministroak ez du esperotako arrakasta lortu. Bruselarekiko negoziazioek espero baino arazo gehiago sortu dizkiote. Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren artean muga zurrun bat ezartzea eragotzi du Londresen eta Bruselaren arteko akordioak, Ostiral Santuko Akordioari eta bi eskualdeen arteko harreman ekonomikoei kalterik ez egiteko asmoz. Horrek, ordea, eskualdearen eta Britainia Handiaren artean kontrol komertzialak ezartzea eragin du, etahainbat talde unionistak Erresuma Batuaren batasunaren aurkako erasotzat hartu dute hori. Besteak beste, salatu dute kontrolek hainbat produkturen eskasia eragin dutela lurraldean.

Dena den, Frosten dimisioa bestelako arrazoiek bultzatu dute: egun ministro ohi denak idatzian zehazten duenez, zerga igoerak eta pandemiaren aurkako neurriek bultzatu dute horretara. Joan den hilean, buruzagi kontserbadoreak argi utzi zuen ez zetorrela bat maskararen erabilera derrigortzearekin, eta are gutxiago txertaketa ziurtagiria ezartzearekin.

Gobernuko iturriek zabaldu dutenez, lehendik ere iragarria zuen ministroak kargua uzteko asmoa; besteak beste, EBtik irteteko negoziazioak blokeatuta zeudelako. Hala, urtarril amaieran uztekoa zuen kargua, baina erabakia aurreratu egin zuen Frostek, komunikabideek haren asmoal filtratu zituztenean. Johnsoni bidalitako gutunean, Frostek dio brexit-a «ziurtatuta» dagoela, eta Londresko gobernuari dagokiola orain batasunetik irten izanak «eskaintzen dituen aukerak» baliatzea. Atzerrri ministro Liz Trussek hartuko du orain negoziazioen ardura.

Aste oso txarrak izaten ari dira lehen ministroarentzat berarentzat ere. Kolpe gogorrena, Frosten dimisioarekin batera, joan den asteartean jaso zuen buruzagi kontserbadoreak, bere alderdiko ehun kidek pandemiaren aurkako neurrien kontra bozkatu zutenean. Bi egun geroago, gainera, North Shrophsireko eserlekua galdu zuen alderdi kontserbadoreak —bi mendez alderdiarena izandakoa—, liberal-demokraten mesedetan. Horiek hala, gero eta gehiagok diote urtarril amaieran konfiantza mozio bati egin beharko diola aurre Johnsonek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.