Kazetaritza

BERRIAk irabazi du Emakunderen aurtengo Berdintasun saria

Egunkariak saria partekatuko du 'Pikara Magazine' aldizkariarekin eta aurten hildako Lucia Martinez Odriozola kazetaritza irakaslearekin.

Edurne Begiristain.
2021eko abenduaren 21a
11:22
Entzun

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak BERRIAri eman dio 2021eko Berdintasun saria. Horren bidez, emakumeen eta gizonen berdintasunarekin konprometitutako kazetaritza goraipatu nahi izan du erakundeak: BERRIArekin batera, Pikara Magazine aldizkariari eta Lucia Martinez Odriozola kazetariari eman die saria. Aurtengo abuztuan hil zen Martinez.

Gaur goizean aurkeztu dute saria, Emakunderen egoitzan. BERRIAk berdintasunarekin eta feminismoarekin duen konpromisoa nabarmendu du epaimahaiak, indarkeria matxisten tratamenduari egiten dion ekarpena, bereziki. Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak azaldu du: «Ezinbesteko genero ikuspegia txertatua duen formakuntzatik aplikazio praktikora dagoen bidea saritu da».

BERRIA ordezkatzen, Maite Asensio Lozano eta Amagoia Mujika Tolaretxipi egon dira. Pikara Magazine-ren aldetik, Andrea Momoitio izan da, eta Lucia Martinez Odriozola zenaren ordezko gisa, Irune Pascual Ugarte.

Estilo liburua eta berdintasun plana

Epaimahaiak nabarmendu du, besteak beste, BERRIAk genero ikuspegia txertatu duela estilo liburuan, eta berdintasun planak diseinatu dituela.

Asensiok eskertu du saria, eta gaineratu du «bereziki zirarragarria» dela Pikara Magazine-rekin batera jasotzea. Nabarmendu du ez dela gauza txikia saria euskarazko hedabide bati ematea, oraindik ere euskara hizkuntza gutxitua delako. «Eskertzekoa da Emakundek aitortzea gure lana badela inportantea».

Gogoratu du BERRIAk aspaldi daukala konpromisoa berdintasunarekin, eta Euskaldunon Egunkaria-n bazegoela emakume feministen talde bat bidea urratzen. «Haiei zor dizkiegu egun dauzkagun oinarri sendoak. Sari hau Euskaldunon Egunkaria-rena ere bada».

Gaineratu duenez, «badakigu emakumeen aurkako indarkeria eta diskriminazioa giza eskubideen aurkako eraso bat dela, eta ez klik gehiago lortzeko edo egunkari gehiago saltzeko aukera bat».

BERRIAk, besteak beste, Hilketa Matxisten Mapa sortu du. Hor, Euskal Herrian 2003. urtetik indarkeria matxistak hildako emakumeak (112) eta haurrak (11) jasotzen dira, haien izen-abizenak, adina eta non hil dituzten zehaztuta.

Datorren urteko maiatz aldera egingo dute saria emateko ekitaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.