Euskarabentura

Zabalik dago 2022ko Euskarabenturan izena emateko epea

2005ean edo 2006an jaiotako gazteek izanen dute aukera espedizioan parte hartzeko. Aurkezpen bideo bat eta proiektu bat bidalita aurkeztu beharko dituzte beren hautagaitzak, gaurtik martxoaren 4ra artean.

Uxue Rey Gorraiz.
2021eko abenduaren 21a
12:22
Entzun

Heldu da iragartzeko garaia: Euskarabenturak bere laugarren aldia izanen du 2022an, eta jadanik badago izena emateko aukera. Hain zuzen, gaur aurkeztu dute egitasmoa, Pasaian (Gipuzkoa) eginiko ekitaldi batean. Oro har, ohiko irizpideei eutsiko diete datorren udako aldian; hau da, 16 eta 17 urteko gazteak deitu dituzte espedizioan parte hartzera. Hala, 2005ean edo 2006an sortutakoek dute parada aurten. Beste behin, antolatzaileek «Euskal Herriko zein diasporako gazteak» nahi dituzte abenturan parte hartzera animatu, Euskal Herriko txokoak euskaraz blaitzera deitu. BERRIA espedizioaren babesle izanen da berriz ere.

Aurkezpenean zehaztu dutenez, gaurtik martxoaren 4ra artean ematen ahalko da izena 2022ko Euskarabenturan parte hartzeko. Partaideen kopurua mugatua denez gero, gazteek hautagaitzak aurkeztu beharko dituzte. Aurkezpen bideo bat eta proiektu bat bidali beharko dituzte.

Euskarabentura 2018an lotu zitzaion bideari, eta bigarren abentura izan zuten 2019an. 2020an, baina, pandemiak erdiz erdi jo zuen egitasmoa, eta bertan behera gelditu zen. Hala eta guztiz ere, Euskarabentura indarberriturik eta eraberriturik bueltatu zen joan den udan, 2021ean: bi txandatan egin zuten espedizioa, eta bidea egiteko zenbait modu aldatu zituzten, segurtasuna bermatzearren. Uztailaren 1etik 31ra bitartean egin nahi dute 2022ko espedizioa, Mauletik Getxora (Bizkaia). Asmoa "hasieran bezala egitea" dela adierazi du Irati Labaien Euskarabenturako kideak, betiere, osasun egoerak hala baimentzen badu.

Zeharkaldia berrartzearekin batera, haren helburu nagusiei helduko dietela nabarmendu du Labaienek, zein diren gogoratuta: "gazteen artean euskararen erabilera sustatzea", "gazteen artean sare bat sortzea" eta "euskal kultura eta herria ezagutzea". Halaber, eurentzat "osasuntsuak" diren beste zenbait balio sustatzen ahalegintzen direla ere gaineratu du: "Erronka lokal eta global serio baten aurrean gaude gizarte bezala. Nazio Batuen Erakundeak ere garapenerako helburu iraunkorrak plazaratu zituen 2015ean, eta, nolabait, hor proposatzen diren hari eta gai desberdinak ere landu nahi ditugu".

Hiru gairen artean aukeratu beharko dute gazteek, hain justu, espedizioan izena emateko eskaera egin ahal izateko. Euren burua aurkezteko bideoaz gain, proiektu bat egin beharko dute, gogoetarako bide emango dutenak. Honako gai hauek eman dizkiete aukeran: egungo hezkuntza zentroetako jolastokien ezaugarriak eta bertan ematen diren dinamikak, arropa eta jantzien kontsumo eredua eta Euskal Herriko historia. "Gazteen hausnarketa eta sormena" sustatu nahi ditu, hala, Euskarabideak. Bildutako proiektuak Eusko Ikaskuntzak eta Puntueus fundazioak ebaluatuko dituzte, eta apirilaren 24an jakinaraziko dute espedizioan parte hartuko duten 130 gazteen zerrenda.

Itsasoak presentzia berezia izango du 2022ko aldian, antolatzaileek aurreratu dutenez. Izan ere, 500 urte beteko dira munduari lehenengoz bira eman ziotenetik, eta Euskal Herriko historian itsasoak izan duen lekuari erreparatzeko baliatuko dute espedizioa. Horretarako, Elkano Fundazioarekin "elkarlanean" ariko dira. Batera antolatuko dituzte espedizioko hainbat ekintza, eta, halaber, fundazio horrek proposatu du parte hartzaileek proiektua egiteko hautatu beharreko gaietan hirugarren, Euskal Herriko historiari loturikoa. "Gure helburuetako bat dibulgazioa eta edukien gizarteratzea da, baina baita gogoeta prozesuak sustatzea ere, iraganak horretarako bide oso emankorrak ekartzen baitizkigu", azaldu du Ion Irurzun fundazioaren zuzendariak, eta gaineratu Euskarabenturak hausnarketarako "baldintza egokiak sustatzen" dituela, baita gogoeta horietan "gazteen ahotsa" txertatzeko ere.

Ikerketaren lehen emaitzak

Espedizio ibiltaria soilik ez, ikerketa bat ere martxan dauka Euskarabenturak, "gazte euskaldunen kasuan hizkuntza-mudantza fenomenoaren atzean dauden faktore nagusiak zeintzik diren ulertzeko". Soziolinguistika Klusterrarekin elkarlanean ari dira egiten, eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak finantzatuta. Lau urtekoa izango da ikerketa, eta lehen emaitzak udaberrian argitaratuko direla aurreratu du Labaienek. Hala ere, lehen emaitzak badituztela azaldu du Euskarabideko kideak, eta bi nabarmendu ditu: espedizioan parte hartzen dutenen %85ek adierazi duela espedizioak euskara maila hobetzeko balio izan diola eta %92k agertu duela borondatea euskara sustatzeko ahalegina egiteko, behin Euskarabentura amaituta. Ikerketa egiten ari direnetako bat Izaro Arruti da, Labaienek zehaztu duenez, Euskarabenturan parte hartutakoa eta berriki Soziolinguistika Klusterraren Txillardegi-Hausnartu saria jaso duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.