AEBek militarrak baliatuko dituzte osasun arreta bermatzeko

AEBetan, omikron aldaerakoak ziren azken astean atzemandako positiboen %73. Italiako Gobernua aztertzen ari da kalean ere maskara erabiltzera derrigortzea. Kontaktuak «ahalik eta gehien» gutxitzeko aholkatu du Berlinek.

Kornabirus proba egiten Washingtonen. MICHAEL REYNOLDS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 21a
13:45
Entzun

Neurriak gogortzen ari dira nazioartean. Egunetik egunera, eta osasun egoera okerragotu ahala, murrizketa gehiago ezartzen ari dira gobernuak. AEBetakoa da horietako bat. Txertaketan jarriko ditu indarrak Joe Biden presidenteak. Haren gertuko iturriek aurreratu dutenez, mila militar baliatuko dituzte lanez gainezka dauden osasun langileei laguntzeko. Horrez gain, koronabirus probak egiteko guneak ugarituko dituzte, erizain gehiago jarriko dituzte txertaketa guneetan, eta 500 milioi test doan banatuko dituzte herritarren artean.

Washingtonen ere asko zabaldu da omikron aldaera, aldaera nagusi bilakatzeraino. Gaitzen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroak bildutako datuen arabera, azken astean positiboen %73 izan dira omikronenak. Adituek orain arte ondorioztatu dutenez, aldaera berria aurrekoak baino arriskutsuagoa ez bada ere, azkarrago zabaltzen da, eta beraz errazago kutsatzen; horrek osasun zerbitzuen gaineko presioa handitzen du. Horiek hala, askok leporatu diote Bideni soilik txertaketan jartzea arreta, probak indartu eta ugaritu beharrean. Izan da eskatu dionik ere etxe guztietara proba sorta bat bidaltzea, kutsatzeak moteltze aldera.

AEBetako Gobernua ahaleginak eta bi egiten ari da beste itxialdi bat ezarri behar ez izateko; hori dela eta, estatuburuak eskatuko die herritarrei «txertatuta egonda ere» leku itxietan maskara erabiltzeko, eta «ahal dela» segurtasun distantziei eusteko. Dagoeneko badira aurreratu dutenak datozen asteak «erabakigarriak» izango direla Bidenen presidentetzarako.

Italiako Gobernuak bestelako bidea aukeratu du. Erromak iragarri du kalean ere maskara erabili beharko dela hilaren 23tik aurrera Erromako eta Lazioko eskualdeetan, baina ez dute baztertzen neurria herrialde osora zabaltzea. Horrez gain, eta neguko oporrek irauten duten bitartean, osasun langileek hamar egunetik behin egin beharko dute koronabirus proba, bai erietxe publikoetan, baita pribatuetan ere. Italiak 20.000 kasu atzematen ditu egunero batez beste, eta Mario Draghi lehen ministroak iragarri du ez dutela neurri murriztaile gehiagorik hartuko, «egoerak bere horretan irauten badu».

Alemaniako kantziler Olaf Scholz gobernukideekin biltzekoa da gaur, egoera aztertzeko eta neurri berriak hartu edo ez erabakitzeko. Alemaniako Gobernua izan da bakarra, Austriarekin batera, iragarri duena datorren urtean derrigorrezko txertaketa ezarriko duela. Dena den, gaur bertan Gaitz Infekziosoetarako Robert Koch institutuak aholkatu du «ahalik eta gehien» murrizteko kontaktuak datozen egunetan, baita bidaiak bertan behera uzteko ere, baldin eta «behar-beharrezkoak» ez badira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.