Lan gatazkak

Arcelor Mittalek lan erregulazioa egin nahi duela zabaldu du ELAk

Sestaoko plantari eragingo lioke erabakiak; 600 langile ari dira han. Sindikatuaren arabera, zuzendaritzak kontsulta epea hasi du. Gaur egun, planta geldirik dago behin-behinean.

Arcelor Mittalen lantegia, Sestaon. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko abenduaren 21a
14:27
Entzun

Arcelor Mittal altzairutegiak enplegua erregulatzeko espediente bat egin nahi du Sestaon duen ACB plantan; hala salatu du behintzat ELA sindikatuak. 600 langilek dihardute han guztira —220 lantaldekoak, 115 behin-behinean aldi baterako enpresen bitartez kontrataturikoak, eta 220 azpikontratentzat dihardutenak—, eta berrogeiren bat kontratu etetea da asmoa. Sindikatuak jakinarazi duenez, zuzendaritzak kontsulta epea hasi du.

Gaur egun, planta geldirik dago, zuzendaritzaren arabera bigarren ekoizpen trena martxan jartzeko mantentze eta berritze lanak egiteko. Azaroan hasi zuten geldialdia, eta ondo bidean urtarrilean hasi beharko luke berri altzairu ekoizpenak. Hasierako asmoa zen etena abenduan hastea, baina hilabete aurreratu zuen, argindarraren prezio garestiarengatik. Plantak egun 600.000 altzairu tona ekoizten ditu urtean, eta jabeen helburua 2023an 1,6 milioi tonara iristea da. Duela sei asteko iragarpen horiek, baina, aurrez aurre egiten dute talka ELAk zabalduriko erregulazio asmo horrekin.

ELAk ohar bidez jakinarazi duenez, Arcelorreko langileak asko sufritzen ari dira azken urteetan zuzendaritzaren erabakiengatik. Plantak ixtea, inbertsiorik ez egitea eta lan baldintzak inposatzea egozten diote. Horren aurrean, lanpostuak bermatzen dituzten neurrien alde egingo du sindikatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.