Haurrak txertatzen hasiko dira Ipar Euskal Herrian

Veranek erran du ordua hartzen ahal dutela jada. Frantziako Osasun Aginte Gorenak eta Frantziako Etika Batzordeak neurria onetsi dute, baina «hautuzkoa» behar duela nabarmendu dute.

Nerabe bat txertoa jartzen, artxiboko irudian. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko abenduaren 22a
10:05
Entzun

Ipar Euskal Herrian 5 eta 11 urte arteko haur guztiek jartzen ahal dute koronabirusaren aurkako txertoa. Izan ere, Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak goizean baieztatu du gaurtik aurrera hartzen ahal dutela ordua. Orain arte, 5 eta 11 urte arteko haur zaurgarriek baizik ez zuten jartzen ahal. Abendu hasieran, Frantziako Gobernuak pandemiari aurre egiteko «ezinbestekotzat» jo zuen neurria, baina erabakia hartu aurretik Frantziako Osasun Aginte Gorenaren eta Frantziako Etika batzordearen oniritziaren zain egon zen. Bada, bi egiturek baimena eman dute haurrak txertatzeko. Hala eta guztiz ere, biek nabarmendu dute «hautuzkoa» behar duela, eta ezin zaiela «inolaz ere» osasun ziurtagiria eskatu haurrei.

5 eta 11 urte arteko haurrek txertoa jartzeko, gurasoetariko baten baimena beharrezkoa izanen da, eta gurasoetariko batek lagundu beharko ditu txertoa jartzera. Txertaketa guneetan, «ibilbide» berezi bat izango da haurrei txertoa jartzeko, ez baitute jartzen helduei jarritako dosi bera. Oraingoz, Frantziako Estatuan 350 txertaketa gunetan abiatuko dute haurren txertaketa, eta urtarrilerako aurreikusten dute txertaketa gune guztietan egin ahal izatea. 12 eta 17 urte arteko nerabeei, berriz, ez diete indartze dosirik jarriko, «oraingoz».

Bestalde, Frantziako Gobernuko bozeramaile Gabriel Attalek erran du ez dutela «baztertzen» neurri murritzaileagoak ezartzea, omikron aldaeraren ondorioz kasu kopurua emendatzen ari baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.