Europako funtsak

Bruselak diru iturri berriak ezarriko ditu suspertze funtsa finantzatzeko

Estatuek CO2 isurien eskubideekin eta multinazionalen zergarekin jasotakoaren zati bat eman beharko diote EBri. Karbonoaren muga zerga eta Tobin eta Google tasak ere erabili nahi ditu.

Paolo Gentiloni EB Ekonomia komisarioa, asteazken honetan Bruselan egindako agerraldian. STEPHANIE LECOCQ (EFE)
jokin sagarzazu
2021eko abenduaren 22a
17:32
Entzun

Europako Batzordeak hiru diru iturri berri sartu nahi ditu Batasunaren aurrekontuak finantzatzeko, eta, batez ere, Next Generation funtsaren zorra ordaintzeko, 800.000 milioi eurokoa. Diru sarrera horietako bat, hauxe: CO2 isurien eskubideen merkatuetan lortutakoaren zati bat. Horri bi zerga berri gehitu nahi dizkio: EBtik kanpo inportatutako produktu batzuei ezarriko dien CO2 tasa. Eta, batez ere, multinazional handien zerga. Hiru iturri horien bitartez urtean 17.000 milioi euro inguru biltzea aurreikusten du, 2026tik aurrera.

Pandemiaren aurretik, EBren aurrekontuak finantzatzen ziren BEZaren bilketaren zati batekin, kanpoko muga zergekin, eta, batez ere, herrialde bakoitzak bere aberastasunaren proportzioan egindako ekarpenarekin. Iaz, zerga berri bat sartu zuten: birziklatu gabeko plastikozko ontzien hondakinena. Eta 2024a baino lehen, beste bi gehitu nahi dituzte: finantza transakzioena (Tobin tasa) eta tasa digitala (Google tasa). Zerga horiek estatuek biltzen dituzte edo bilduko dituzte, eta jasotzen dutenaren parte bat EBren aurrekontuetara bideratuko beharko dute.

CO2 isurtzeko eskubideen merkatua berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko estrategiaren zutabe nagusietako bat da, eta 2005tik dago indarrean. Aurten inoizko garestien salerosten ari dira eskubide horiek, eta horrek hainbat ondorio ekarri ditu: besteak beste, argindarraren garestitzearen arrazoietako bat da. Batzordearen arabera, estatuek iaz baino 11.000 milioi euro bildu dituzte aurten. Europan aritzen diren enpresek ordaintzen dituzte eskubide horiek. Bestalde, Europatik kanpoko inportazio batzuei (zementuari, burdinari, altzairuari, aluminioari, ongarriei eta elektrizitateari) CO2 emisio zerga edo muga zerga ezarriko die EBk, produktu horien ekoizpenean eragindako karbono isuriengatik. Gai 2026. urterako sartu nahi du indarrean neurri hori, baina gai korapilatsua da.

Multinazionalen tasarekin, berriz, lortu nahi dena enpresa horiek benetan negozioak egiten dituzten lekuetan zerga gehiago ordaintzea. Aurten, mundu osoko 136 herrialdek adostu dute %15ekoa izatea gutxieneko zerga. Europako estatuek zerga horrekin bildutakoaren zati bat EBren aurrekontuetara bideratuko dute. Batzordearen arabera, 2.500 eta 4.000 milioi euro arte izan daitezke urtero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.