Klima larrialdia

Brasilgo Amazoniako deforestazioa %79 handitu da Bolsonaroren agintaldian

Erreserba indigenak izan dira kaltetuenak; horietan, oihanaren suntsipena %138 handitu zen politikari ultraeskuindarrak kargua hartu zuen urtean. ISA ingurumen institutuak plazaratutako datuen arabera, 2021ean 18 milioi arbola inguru bota dituzte.

Brasilgo Amazonia oihana, artxiboko irudi batean. MARCELO SAYAO, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko abenduaren 27a
14:43
Entzun

Bistakoa da: Brasilgo Amazonia abiada beldurgarrian ari da biluzten. Inguru horietako deforestazioak aspaldi ekarri zuen kezkarako ziorik, eta, orain, berriki argitaratutako ikerlan batek are ageriago utzi du problemaren larritasuna. ISA ingurumen institutuak jakinarazi duenez, azken hiru urteetan %79 handitu da Brasilgo Amazoniako oihanen deforestazioa, 2016tik 2018ra arteko aldiarekin konparatuz gero. Hain justu, Jair Bolsonaroren agintaldian gertatu da hazkundea, hain zuzen ere 2019ko urtarrilaren 19an ailegatu baitzen boterera.

Brasilgo Amazonian babestuak diren eremuen artean, erreserba indigenek jasan dute kalterik handiena azken hiru urteetan. 2016, 2017 eta 2018. urteekin alderatuta, basoen suntsipena bikoiztu baino gehiago egin da 2019ko urtarriletik aitzina. Zehazki, %138 handitu da, ikerlanak utzitako datuen arabera. Edonola ere, 2021a ez da izan urterik bortitzena: 2020a are gogorragoa izan zen. Deforestazioa iaz baino %18,6 txikiagoa izan da aurten. Halere, franko iluna da Brasilgo Amazoniako egoeraren bilakaera. Hala diote zenbakiek: 2021ean 32.864 hektarea baso suntsitu ziren. 18 milioi arbola inguru dira horiek.

Itzalpeko krimenen seinale

Ikerketako emaitzek nabarmendu dute, gainera, azken urteetan nabarmen handitu dela ingurumenaren kontrako krimenen kopurua Brasilgo Amazonian. Besteak beste, salatu dute gehiago direla baliabide naturalen mozketarekin eta meatzaritzarekin loturiko negozioak, bai eta nahita eragindako suteak edo lurren ustiatzeak ere. Horiek horrela, ikerlariek zehaztu dutenez, deforestazioaren larriagotzea estuki lotua da ingurumen agintaritzak duen fiskalizazio faltarekin eta ingurumenaren kontrako delituak geldiaraztera bideratutako baliabideen murriztearekin. Izan ere, 2021ean %40 txikitu da helburu horietarako eskuragarri den aurrekontu ekonomikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.