Futbola

Jose Luis Mendilibar da Alaveseko teknikari berria

Denboraldi amaiera arte sinatu du Zaldibarko teknikariak. Taldearen egoera irauli eta mailari eustea da helburua

Uxue Rey Gorraiz-Ainara Arratibel Gascon
2021eko abenduaren 28a
09:23
Entzun

Ordubeteko epean duela egun batzuetatik zebiltzan bi zurrumurruak baieztatu ditu Alavesek. Lehenbizi, jakinarazi du Javier Callejak ez duela taldea zuzentzen segituko, eta ondoren esan du haren ordezkoa zein den: Jose Luis Mendilibar. Zaldibarko teknikariak sasoi amaiera arteko kontratua sinatu du, eta helburu argia izango du: taldearen egoera irauli eta mailari eustea. Gaur bertan hark zuzenduko du entrenamendua, eta igandean egingo du debuta, Realaren aurkako derbian.

Mendilibarrek 20 urte baino gehiago daramatza entrenatzaile lanetan. Arratia futbol taldean hasi zen, futbolari izateari utzi ondoren. Athleticeko harrobian lan egin ostean, Lanzarote entrenatu zuen, eta, han egindako lan onaren ostean, 2004. urtean Eibarrek fitxatu zuen. Gipuzkoako taldea Lehen Mailara igotzear egon zen, eta Athleticek fitxatu zuen. Baina denbora gutxi egin zuen bertan. Valladolid, Osasuna eta Levante entrenatu ostean, Eibarrera itzuli zen. Eta han egin zituen urterik oparoenak. Sei denboraldi eman zituen bertan, eta bitan lehen hamarren artean sailkatu zen Eibar. Baina iragan denboraldian Bigarren Mailara jaitsi zen Eibar, eta hor amaitu zen Mendilibarren aroa bertan. Alavesek eskerrak eman dizkio Mendilibarri erronka onartzeagatik. "Nahi duguna da taldeak identitate propioa izatea, eta jarraitutasuna izatea jokoan".

Aipatu bezala, aurretik kargutik kendua zuten Calleja. Entrenatzaile espainiarra joan den apirilean lotu zitzaion Alavesen bideari, eta, elkarrekin, bete zuten orduko helburua: Espainiako Ligako lehenbiziko mailan gelditzea. Denboraldia amaituta, 2023 arte luzatu zuen kontratua. Ordea, Gasteizko taldea emaitza txarrak ari da izaten azkenaldian; horiek bultzatuta erabaki du klubak entrenatzailea hartzea.. Arabarrak jaitsiera postuetan daude, lehen itzulia amaitzear dela: hemezortzigarren daude, hamabost punturekin. «Entitatearen helburuak betetzeko, eta Deportivo Alavesek Lehen Mailan duen boladarik luzeena luzatzeko gogo horrekin, erabaki ausartak hartu behar dira elkarrekin, kluba, entrenatzailea, taldea eta zaleak barne», argudiatu du Alavesek ohar batean. Halaber, taldeak eskerrak eman dizkio Callejari, Gasteizko taldea zuzendu duen aldian erakutsitako «ilusioagatik». Zortea opatu diote etorkizunerako.

Ezusterik ezean, datozen egunetan Jose Luis Mendilibar eibartarrak hartuko du haren lekua Alavesen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.