Lan erreforma

Madrilek dio ez duela asmorik lan erreforman aldaketak egiteko

Diaz ministroak esan du «asko kostatu» dela sindikatuekin eta patronalarekin ituna egitea, eta testua «errespetatu beharko» litzatekeela. Alderdi abertzaleek ohartarazi dute aurka bozkatuko dutela ez badira hitzarmen probintzialak lehenesten.

Yolanda Diaz Lan ministroa, astarte honetako Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldian. J. C. HIDALGO (EFE)
jokin sagarzazu
2021eko abenduaren 28a
17:22
Entzun

Indarrean dago aurreko astean Espainiako Gobernuak CCOO eta UGT sindikatuekin eta CEOE patronalarekin adostutako lan erreformaren dekretuaren zatirik handiena. Indarrean behin-behinean, bi hilabeteko epean Kongresura iritsiko baita, eta hango gehiengoaren babesa jaso behar baitu hala jarrai dezan. Eta babes hori, gaur-gaurkoz, ez du ziurtatuta. Are gehiago: gobernuaren ohiko kideek eta oposizioko talde nagusi PPk esandakoei erreparatuz gero, erreformak ez luke aurrera egingo, ez behintzat egun idatzita dagoen moduan. Dena den, lasai mintzo dira gobernuko bi kideak, PSOE eta Unidas Podemos, eta jakinarazi dute elkarrizketak hasi dituztela gainerako taldeekin.

Estatu osoko lan itun sektorialak probintzialen gainetik mantendu izanak haserrea eragin du, bereziki Euskal Herriko alderdi abertzaleen artean, eta ohartarazi dute hori aldatu ezean ez dutela erreforma babestuko. Horren harira, Yolanda Diaz Lan ministroak adierazi du ez dutela baztertzen haiek akordiora batzea, baina argi esan du adostutako testuaren mamia ez dutela aldatuko. «Ulertu behar dute asko kostatu dela, oso pentsatuta dagoela, oso eztabaidatuta dagoela. Paragrafo eta koma bakoitza hitzartu da, eta errespetatu egin beharko litzateke», azpimarratu du astearte honetan, lege dekretua onartzeko egindako Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Diazek ez du argitu erreforma lege egitasmo gisa tramitatuko duten, zuzenketak sartu ahal izateko. Dena den, lege dekretu gisa aurkeztuta ere, aldaketekin eraman daiteke Kongresura, aurretik taldeekin adostuta, baina, kasu horretan, CEOEk akordioa utziko luke, eta uko egingo lioke aurrera begirako beste negoziazio batzuetan parte hartzeari, patronaleko presidente Antonio Garamendik herenegun ohartarazi zuenez. Datozen asteetan askatu beharko du mataza hori gobernuak.

Oraingoz, oso urrun dauka taldeen babesa. Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak berretsi du testua dagoen bezala geratzen bada ez dutela babestuko, eta negoziatzeko eskatu dio gobernuari, «patronalari gaizki iruditzen bazaio ere». EAJk esana du aurka bozkatuko duela ez bazaie euskal hitzarmenei lehentasuna ematen. ERC eta BNG ere aurkako jarreran daude.

ELAren mezua Confebaski

Euskal Herriko gehiengo sindikala ere oso gogor mintzatu da araudi berriari buruz. Azpimarratu du ez direla PPren erreformaren alderik kaltegarrienak indargabetu: besteak beste, kaleratze «erraz eta merkeak» eta lan hitzarmenen estatalizazioa. Astearte honetan kaleratutako ohar batean, ELAk Confebaski leporatu dio «ezer ez» duela egin CEOEren aurrean hitzarmenen auzia konpontzeko, eta gogorarazi dio 2017an «eragile aktiboa» izan zela sindikatuekin batera EAEko Lanbidearteko Akordioa egin zuenean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunen lehentasunaren alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.