Etiopia

Etiopiako Gobernuak elkarrizketen bidez konpondu nahi ditu herrialdeko gatazkak

Abiy Ahmedek hizketaldirako batzorde bat eratuko du «berradiskidetzea eta zauriak ixtea» lortzeko. TPLFren indarrak Tigrayra itzuli dira, eta armada federalak erasoak eten ditu, Amhara eta Afar berreskuratu ostean.

Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroa, artxiboko irudi batean. EFE
ander perez zala
2021eko abenduaren 29a
16:41
Entzun

Etiopiako Gobernua prest da elkarrizketa «inklusiboetan» hasteko, eta «agenda guztiez» aritzeko, baita erreferendumez ere. Hori da Abiy Ahmed herrialdeko lehen ministroak sustatuko duen estrategia «berradiskidetzea eta zauriak ixtea» lortzeko, eta, horretarako, prest agertu da konstituzioa aldatzeko ere; Abiy jakitun baitago etnien arteko barne gatazkak ugaritu egin direla 2018an agintera iritsi zenetik, eta aldaketak beharrezkoak dituela matxinoak ugaritu ez daitezen.

Lehen ministroak gobernu berriaren osaketa baliatu du hizketaldiak sustatzeko, eta horren harira onartu zuen Ministroen Kontseiluak, hilaren 10ean, Elkarrizketarako Batzorde Nazionala eratzea. Ordezkarien Ganberak baiezkoa eman dio gaur proposamen horren zirriborroari —Abiyren Oparotasunaren Alderdiak gehiengo osoa du—, eta, hortaz, geroz eta gutxiago geratzen zaio solasean hasteko.

Addis Abebak oraindik ez ditu argitara eman batzorde horri buruzko xehetasunak, baina Redwan Hussien Estatu ministroak azaldua du «konstituzioko elementu guztiak eztabaidagai» izango dituztela, eta, «hortaz», ez dagoela «arrazoi moralik arma bat hartzeko».

Adierazpen horrekin Etiopiako Indar Federalisten eta Konfederalisten Fronte Batua aliantza osatu zuten bederatzi talde armatuei egin zien erreferentzia —TPLF Tigrayko Herria Askatzeko Frontea eta OLA Oromo Askapenerako Armada daude hor—, armada federalaren aurka aritu baitira iragan azaroaz geroztik.

Egun, gobernuaren etsai nagusia TPLF da, eta ez du argitu Elkarrizketarako Batzorde Nazionalean parte hartzeko gonbita egingo dion, azaldu baitu hori sortzea ez dela «lehen pausoa elkarrizketa posibleei begira»; Tigrayko alderdi-milizia, berriz, elkarrizketetarako prest agertu da, baina ez du zehaztu Addis Abebak sustaturiko batzorde horretan izango den.

Hori bai, Husseinek bi baldintza aipatu izan ditu tigreei gonbita helarazteko: TPLFk armak uztea eta «buruzagi kriminaletako batzuk errenditzea». Hala, tigreen parte hartzearen zain, Etiopiako lehen ministroak «erakundeak, funtzionarioak eta Etiopiako herritarrak» deitu ditu elkarrizketetan parte hartzera.

Aldaketak gerran

Etiopiako Gobernuaren elkarrizketarako deiak gerran izandako aldaketekin batera etorri dira. Azaroaren amaieran, TPLF eta OLA Addis Abebatik 160 kilometrora zeuden, eta, egunek aurrera egin ahala, haien garaipenerako aukerak geroz eta handiagoak ziren. Porrotaren beldur, Abiy gerra frontera joan zen, eta handik gidatu zuen armada federala; besteak beste, droneen erabilera sustatuta.

Horrek bide eman zion gerraren norabidea aldatzeko, eta Amhara eta Afar estatuen kontrola berreskuratzeko. Hala, hilaren 20an, Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiari bidalitako eskutitz batean, TPLFren presidente Debretsion Gebremichaelek jakinarazi zuen Tigrayra itzultzea erabaki zutela: «Espero dugu bakerako pauso erabakigarri bat izatea».

Eskutitz horretan, Gebremichaelek su-etena eskaini zion Etiopiako Gobernuari, baina hark ezezkoarekin erantzun zion, argudiatuta haiek iragan ekainean eskaini zutena «txantxa erigarri» gisa deskribatu zutela tigreek.

Halere, Addis Abebak iragan ostegunean azaldu zuen armada federalaren eraso guztiak eten dituela, Legesse Tulu eledunaren bitartez jakinarazi zuenez: «TPLFren biktimekiko konplotean erortzeko arriskuan jarriko luke gobernua Mekelera [Tigrayko hiriburura] joateak».

Milaka lagun hil dituzte urtebete baino gehiago irauten ari den gerran; milioika desplazatu izan dira, eta Tigrayn 400.000 herritar gosetean daude. Gainera, estatu horretan moztuta dago elektrizitatea, eta Interneterako konexioa, etenda.

Bi aldeek elkarri egotzi diote gerra: TPLFk Abyri leporatu dio boterea zentralizatu nahi izatea, eta Etiopiako lehen ministroak kontrakoa alderdi-milizia tigreari, boterea berreskuratzeko asmoa duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.