Pandemia hasi zenetik inoiz baino kasu gehiago atzeman dituzte AEBek

Europan, Frantziak orain arteko kopururik handiena jakinarazi du: 208.000. Omikronen arriskuaz ohartarazi du OMEk.

Koronabirus probak egiteko gune bat, Washingtonen. MICHAEL REYNOLDS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 29a
18:43
Entzun

Inoiz baino kasu gehiago atzeman dituzten azken orduetan AEBek eta Europako zenbait herrialdek; besteak beste, Frantziak eta Portugalek. AEBei dagokienez, astelehenekoak dira azken datuak, eta orduan 440.000 kasu berri jakinarazi zituzten; Frantziak, berriz, orain arteko marka guztiak hautsi zituen atzo, 208.000 positibo atzemanda. Adituek, hala ere, ohartarazi dute neguko oporren ondorioz izandako atzerapena izan daitekeela kopuruon kausetako bat. Dena den, zalantzarik ez da kutsatzeek nabarmen gora egin dutela omikron aldaera agertu zenetik.

OME Osasunaren Mundu Erakundeko idazkari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesusek gogorarazi du aldaera berria «arriskutsua» dela oraindik ere. «Delta eta omikron aldaerak dira orain nagusi, ez bakarrik kutsatzeetan, baita erietxean eta zaintza berezietan daudenen artean ere», azaldu du. Hala ere, nabarmendu du omikronen sintomak arinagoak direla gaur-gaurkoz, eta, beraz, eskatu die herrialde aberatsei utz ditzatela hirugarren dosiak aurreragorako, eta bete ditzatela hegoaldeko herrialdeekin hartutako konpromisoak, hitzemandako txertoak bidaliz. «Gure helburua da datorren urtearen erdirako mundu osoko herritarren %70 txertatuta egotea. Horrek lagunduko luke pandemiaren okerrena gainditzen», esan du Ghebreyesusek. Baina, oraingoz, iparraldeko estatuek hirugarren dosia banatzen jarri dituzte indarrak.

Positibo eman dutenen berrogeialdia murrizteari buruz ere ohartarazi du OMEk. Erakundeko Osasun Larrialdietarako Programako arduradun Michael Ryanen esanetan, ez da komenigarria kontrol neurriak murriztea, kutsatzeak orain arteko gorenean dauden honetan. Espainia eta Ingalaterra daude berrogeialdia murriztea erabaki duten estatuen artean . Londresek erabaki du amaitutzat eman daitekeela berrogeialdia baldin eta negatibo ematen bada positiboa eman osteko itxialdia egin eta seigarren eta zazpigarren egunetan egindako probetan.

Grezian ere kasuek gora egin dute nabarmen, eta Atenasek iragarri du neurri murriztaile gehiago hartuko dituela. Besteak beste, gauerdian itxi beharko dituzte taberna eta dantzalekuak, eta bezeroek ezin izango dute zutik kontsumitu. Urtezahar gauean soilik luzatuko da horien ordutegia, baina orduan ere itxita egon beharko dute goizaldeko ordu bietarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.