Telebista

ETBk irudi berria estreinatuko du urtarrilaren 1ean

Bere 40. urteurrenean egingo du irudi aldaketa ETBk. Mikel Urmenetak egin du diseinu berria: «Irudi aldaketa ausarta izango da, batzen gaituen identitate kolektiboa irudikatzea helburu duena».

ETBko kateen irudi berria. EITB
Paulo Ostolaza.
2021eko abenduaren 29a
19:58
Entzun

2022an 40. urteurrena ospatuko du EITBk, eta hori baliatuko du telebistak bere irudia aldatzeko aitzakiatzat. Irudi berria atzo aurkeztu zuten lehen aldiz, Inozente Eguna baliatuta: Euskal Kostaldeko Geoparkean (Deba, Gipuzkoa) historiaurreko arrautza erraldoi bat aurkitu zutela argitaratu zuten atzo. Dena, ordea, urtarrilaren 1ean irudi berria estreinatuko dutela iragartzeko kanpainaren parte zen.

Irudi berriaren sortzailea Mikel Urmeneta ilustratzailea da, Kukuxumusu zigiluaren sortzaileetako bat. Urmenetak berak azaldu zuen atzoko txantxa: «Dena broma bat izan da, ETBren irudi berriaren kanpaina handi baten aurkezpena. Oso harro nago kanpaina honen parte izan naizelako, eta oso gustura hartu dut erronka» adierazi zion ETBri. Gehitu zuen irudi aldaketa «gauza berri askoren hasiera» izango dela: «ETBk apustu arriskutsua egin du benetan ezberdina izango den zerbaiten alde».

Dena den, Urmenetaren diseinuak badu lotura azken 40 urteetan ETBren irudi izan denarekin: txantxangorriarekin. «ETB txantxangorri batetik jaio den bezala, txantxangorri hori arrautza batetik jaio da, eta ,zergatik ez, txantxangorri arrautza erraldoi batetik, euskaldun guztien etxea izan daitekeen arrautzatik, alegia». Arrautza hori telebistak biltzen duen guztiaren biltzailea dela azaldu du artistak.

Ikonografia berri bat ere sortu du Urmenetak, «euskal eskultoreen eskolan inspiratuta»: Oteitza, Txillida eta Basterretxearen lanetan oinarrituta, besteak beste.

Euskara sustatzen duena

Unai Iparragirre ETBko zuzendariak gehitu zuenez, Euskal Telebistak aurre egin nahi dio moderno, bateratzaile, aurrerakoi eta lehiakor bihurtzeko erronkari: «ETBren marka sendotuko dugu, kateak pertsonalizatuko ditugu, EITBko hedabide guztien arteko elkarlana estutuko dugu, estrategia digitalari bultzada emango diogu eta ETBra talentua erakarriko dugu», adierazi zuen.

Zuzendariak gehitu zuen «euskal gizarteari etorkizunerako bidean aurrerapausoak ematen lagunduko dion telebista» nahi dutela: «Euskalduna, baina munduari zabalik dagoena; ohitura zaharrak zaintzen dituena, baina aire berritzaileak ezinbesteko dituena; euskararen erabilera sustatzen duena edukietan gizartearen aniztasuna islatuz; eta informazioa eta entretenimendua ez ezik, eduki hezitzaileak ere eskaintzen dituena».

Irudi berria urtarrilaren 1ean estreinatuko dute, Gasteiztik zuzenean emango duten kanpaien emanaldiaren ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.