Kutsatuak duela hilabete halako hamar dira Hego Euskal Herrian: beste 15.405 kasu

Osakidetzak eta Osasunbideak egun bakarrean atzemandako positiboek orain arteko marka hautsi dute atzera ere.

COVID-19a atzemateko PCR testak, Nafarroako Ospitalean. JESUS DIGES, EFE
Uxue Rey Gorraiz - Ion Orzaiz
2021eko abenduaren 30a
10:53
Entzun

Esperotakoa zen Hegoaldeko osasun agintariek gaur jakinaraziko zituzten kutsatu kopuruak bereziki hanpatuak izatea. Erdiz erdi bete da susmo oro: atzo detektatutako kasuek 15.000 positiboren langa gainditu dute. Zehazki, 15.405 positibo zenbatu dituzte, 11.712 Osakidetzak eta 3.693 Osasunbideak. Kutsatuen kurba etenik gabe dabil Hegoaldean goraldi betean; orain hilabete, azaroaren 30ean, 1.560 atzeman zituzten. Halako hamar detektatu ziren atzo.

Ikusi koronabirusaren eraginaren datuak Euskal Herrian

COVID-19aren izurritearen seigarren olatua etengabe ari da errekorrak hausten transmisioari loturiko aldagaietan. Inoiz ez da hainbeste jende batera kutsatu Hego Euskal Herrian. Datuek deus gutxi dute ikusteko joandako hilabeteetan erregistratutakoekin, baita lehenbiziko olatukoekin ere. Birusa atzemateko sistemak nabarmen aldatu dira joan den urtetik hona, baina, edonola ere, estimazio okerrenetan uste da 2020ko martxoan 6.000 eta 8.000 kutsatu artean izaten zirela egunik makurrenetan. Orain, Hegoaldeko positiboen zenbatekoak egunak ditu langa horren gainetik.

PCR eta antigeno proben kopuruak ere gora egin du azkenaldian, baina ez dira aski izurriari tamaina hartzeko. Atzo, 42.994 proba diagnostiko egin zituzten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta horietatik 15.405ek eman zuten positibo. Hortaz, positibo tasak ere marka guztiak hautsi ditu: %35,8 da oraintxe. Egunean eguneko datuek bultza egiten diete hamalau eguneko batezbestekoei ere. Azken bi asteetan, egunean 6.234 positibo atzeman dira Hego Euskal Herrian batez beste. Eta intzidentzia metatua ere inoiz ikusi gabekoa da Hegoaldeko lau herrialdeetan: 100.000 biztanleko 2.611 kasu daude Araban, 2.829 Bizkaian, 3.314 Gipuzkoan, eta 3.300 Nafarroan.

Ospitaleratze gehiagostrong>

Ospitaleratze berrien kurbak ere goranzko argia marrazten du grafikoetan. Transmisio datuena baino mantsoago, baina gora hori ere. Atzo, 113 lagun erietxeratu behar izan zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak kudeatutako ospitaleetan, COVID-19ak jota. Oraintxe, 729 paziente daude Hegoaldean ospitaleratuta, eta, horietatik, 140 gaixo daude ZIU zainketa intentsiboko unitateetan, larri. >>

Nafarroako Gobernuak, bestalde, beste heriotza baten berri eman du. Azken bi asteetan, 22 pertsona hil dira herrialdean, izurriak jota.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.