KPI-A

Espainiako inflazio tasa %6,7koa da, azken 29 urteetako handiena

Hego Euskal Herrikoa datozen asteetan jakinaraziko du INEk, baina zifra horretatik gertu egotea espero da. Baliteke gatazkak eragitea lan hitzarmenak berritzeko negoziazioetan.

Donostiako harategi bat. GORKA RUBIO (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko abenduaren 30a
12:42
Entzun

Espainian kontsumo prezioen indizea (KPI) %1,3 igo da abenduan, eta urte arteko tasa %6,7ra igo da, azaroan baino puntu bat baino gehiago. 1992. urtetik izandako daturik handiena da. Bereziki argindarrak eta gasak aurten izan duten neurrigabeko garestitzeak eragin du igoera.

INE Espainiako Estatistika Institutuak aurreratu du datua; aurrerago (urtarrilaren 14an) zehaztuko ditu erkidegoetakoak, eta orduan ikusi ahal izango da zertan den Hego Euskal Herriko KPIa. Espainiako tasatik gertu egotea espero da. Azaroan %5,2koa izan, eta Espainian, %5,5koa.

KPIaren urte arteko portaeran elektrizitatearen prezioen igoerak eragin du, eta, abenduan, elikagaienak ere bai, Gabonetako ospakizunen eraginez, bereziki.

Energiaren eta elikagaien prezioak kanpoan uzten dituen azpiko inflazioa kontuan hartzen bada, %2,1koa izan da inflazioa, KPI orokorraren tasa baino ia bost puntu txikiagoa. Dena den, 2013ko martxotik izandako azpiko tasarik altuena da.

KPIak bosgarren hilabetez jarraian egin du goraka, eta 1983ko abendutik izandako hileko igoerarik handiena da.

Soldatak

Herritarren patriketan ez ezik, negoziazio kolektiboan ere eragin handia izango du inflazio handiak. Izan ere, hitzarmen gehienetan abenduko urte arteko KPIa hartzen da erreferentzia gisa, eta, hortaz, aurtengo gorakada handia ez lukete datorren urtera arte berreskuratuko. Eta hor arazo bat sor daiteke datorren urteko negoziazio kolektiboan, enpresa eta sektore askotan soldaten igoera handi baterako erresistentzia handiak egon daitezkeelako.

Pentsioak, berriz, %2,5 igoko dituzte, hori baita azarora arteko urteko batez besteko inflazioa Espainian, eta aurrerantzean aldagai hori erabiliko dutelako urtero pentsioak eguneratzeko. Soldata publikoak, berriz, %2 handituko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.