Konfinatutako haurrak zaintzeko baimen bereziak galdegin ditu LABek

Eskaera ofizialak erregistratu ditu Eusko Jaurlaritzan eta Nafarroako Gobernuan, eta baimenen inguruko «akordio sozial» bat lortzeko prozesuan lidergoa hartzeko eskatu diete lehendakariei.

Haur batzuk, Bilbon, LABek Jaurlaritzaren egoitzan egindako protestan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2021eko abenduaren 30a
16:39
Entzun

Azken asteetan milaka haur egon dira konfinatuta Euskal Herrian, bai koronabirusean positibo eman dutelako, bai positibo baten gertuko kontaktu izan direlako; baina, pandemia hasi zenetik ia bi urte igaro diren arren, gurasoentzako baimenik ez da martxan jarri. Gabonetako oporren osteko eskola itzulerari buruzko zalantzak hedatzen ari diren honetan, zaintza baimen bereziak galdegin ditu LAB sindikatuak. Eskaera bana erregistratu du gaur eguerdian Eusko Jaurlaritzaren bulegoetan eta Nafarroako Gobernuarenetan, «gurasoentzako baimenak sor ditzaten, konfinatutako seme-alabak zaindu ahal izateko», Xabier Ugartemendia ekintza sindikaleko arduradunak Bilbon azaldu duenez.

Gu noren kargu? lelopean, elkarretaratzeak egin dituzte gobernuen egoitzen aurrean, haurrek lagunduta. «Konfinatuta dauden umeek zainduak izateko eskubidea eta beharra dute, baina gurasoek ezin dituzte zaintza lan horiek egin, lanera joan behar dutelako. Zer egin behar dugu ume horiekin guztiekin? Etxean bakarrik utzi 2, 4 edota 6 urterekin? Amamarekin edo aititerekin utzi, haiek arrisku taldekoak izanik?». Ugartemendiak salatu du halako egoerei ez zaiela «garrantzirik» eman, ezta «irtenbiderik» ere, eta, ondorioz, aita-amak ahal duten moduan moldatzen ari direla: «Batzuetan opor egunak hartzen dituzte, baina ez da erraza; beste batzuetan, lizentziaren edo bajaren bat hartzen dute, edo norbaitekin uzten dituzte umeak... Guztiz irregularra da. Eta behin-behineko langileentzat edo oso prekario daudenentzat, are zailagoa da».

LABek gaitzetsi egin du halakoak «arautu gabe» egotea ia bi urteren ondoren. «Baina egoera bereziek neurri eta erabaki bereziak behar dituzte. Ezin da gehiago itxaron». Ugartemendiak erantsi du Iñigo Urkulluren eta Maria Txibiteren gobernuen ardura dela, eta ekimena hartzera adoretu ditu: «Akordio sozial bat behar da, sindikatuen eta patronalen artekoa, baimen berezi horiek bideratzeko. Prozesu horren gidaritza hartzeko erantzukizun sozial eta politikoa dute gobernuek; batez ere, patronalak interpelatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.