Telebistako ikusle datuak

ETB1ek sei hamarren igo eta %2,2ko ikusle kuota lortu du 2021ean

Go!azen-ek %6,4ko ikusle kuota du; Biba zuek! magazinak, %4,1ekoa; eta Gaur egun albistegiak, %3,3koa.

'Biba zuek!' arratsaldeko magazina. ETB
urtzi urkizu
2022ko urtarrilaren 3a
14:51
Entzun

2020. urtean ETB1ek inoizko batezbestekorik txikiena izan du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: %1,6ko ikusle kuota. Askoz hobeto moldatu da euskarazko katea joan den urtean: sei hamarren hazi, eta %2,2ko batezbesteko kuota lortu du. Aintzat hartzekoa da 2020ko udaberrian ez zela zuzeneko kirol emanaldirik izan osasun larrialdiaren eraginez, eta horrek nabarmen eragin zuela katearen ikusle datuen beherakadan. 2021ean, berriz, ohiko kirol emanaldiak eman ahal izan ditu ETB1ek, eta ikusle kuota azkeneko hamarkadako urterik onenaren parekoa izan da —2018an ere %2,2ko ikusle kuota bereganatu zuen—. Hortik beherantz ibili da 2011tik 2020ra.

Baina badira arrazoi gehiago ETB1en igoerari balioa ematen diotenak. Arratsaldean, esate baterako, egonkortu egin da Biba zuek! magazina: %4,1eko ikusle kuota izan du —euskaldunen artean, %10,8koa—. Indartsu dabil Go!azen telesaila ere: %6,4ko ikusle kuota lortu du —euskaldunen artean, %14,6koa—. Eta haurren artean sekulako fenomenoa da orain ere: 4-12 urte arteko neska-mutikoen artean, %33,8ko ikusle kuota du. Datu onak dituzte programa hauek ere: Herri txiki, infernu handi-k (%3,2); Joseba Argiñano Sukalerrian-ek (%3,1); Oholtzan-ek (%3,7); eta Baserria-k (lehen edizioak %4,7ko kuota, eta bigarrenak, %3koa).

ETB2k, berriz, %10,1eko ikusle kuota lortu du joan den urtean, 2020ean baino hamarren bat gehiago. COVID-19aren krisialdiaren eraginez, nabarmen igo ziren ETB2ko albistegien ikusle datuak. Eta 2021ean ere, datu oso onak eskuratu ditu Teleberri-k: %22,1eko ikusle kuota. Katearen albistegiak liderrak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. ETB1eko Gaur egun-ek, bestalde, aurreko urteko datuak hobetu ditu: %3,3ko ikusle kuota —euskaldunen artean, %8,9koa—.

ETB2 katean, edonola ere, El conquistador del Caribe abentura reality-a da saiorik arrakastatsuena: iaz, %26,2ko ikusle kuota lortu zuen. El Conquis eztabaida saioak, bestalde, %15,3ko audientzia zatia izan zuen. Saio hauek ere katearen batezbestekotik gorako kuota izan dute: La noche de zinema saioak (%12,7); Atrápame si puedes lehiaketak (%12,2); En jake aktualitateko saioak (%10,8); eta Juego de cartas programak (%10,7).

Euskal Telebistak nabarmendu du bere lau kateen artean %13,2ko ikusle kuota lortu dutela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hori dela azkeneko hamar urteetako «audientziarik onena». 2020ko datuekin alderatuz gero, taldeak %4,8ko hazkundea izan du, eta ETB1 hazi da gehien.

Urtezaharreko saioak
Gabon zaharreko kanpaien emanaldiari dagokionez, aurreko urte batzuetan emanaldi bera egin zuten ETB1en eta ETB2n, euskara kontakizunaren hizkuntza nagusi zela. Aurten, bi emanaldi berezitu egin dituzte ETBko bi kateetan, biak Gasteizen: euskarazko Kaixo 2022 zuzeneko saioak %9,8ko ikusle kuota izan zuen —91.000 ikus-entzule—; eta gaztelaniazkoak, %10,7koa —100.000 ikus-entzule—. ETB1eko Biba zuek 2022! saio bereziaren afalosteko parteak, berriz, %4,7ko ikusle kuota izan zuen —euskaldunen artean, %11,5ekoa—; datu hobeak bereganatu zituen saio berak bigarren partean, gauerdiko kanpaien ostean: %10,3ko ikusle kuota —euskaldunen artean, %16,4koa—. ETB2ko Ene!Flix umore saioak %12,8ko audientzia zatia izan zuen, eta Ura bere bidean musika ikuskizunak, %10,7koa.

EITBren webguneak, berriz, 2021ean 162.000 erabiltzaile izan ditu, 2019an eta 2020an baino gutxiago.

TV3 lider Katalunian 12. urtez
Katalunian, TV3 da gehien ikusten den katea: %13,9ko batez besteko ikusle kuota lortu du joan den urtean —sei hamarren jaitsi da 2020ko datuekin alderatuz gero—. Hamabi urte daramatza lider. Tele5ri 1,5 puntu ateratzen dizkio, eta Antena3i, 2,8 puntu. Galizian, galegozko TVG kateak bi hamarren egin ditu gorantz, eta %10,1eko ikusle kuota lortu du —gaztelaniazko ETB2ren datu berbera—.

Espainian, Tele5 da liderra, %14,9ko ikusle kuotarekin; Antena3i 1,1 puntu ateratzen dizkio; eta La1k inoizko daturik apalena izan du, %8,8koa.

Hego Euskal Herrian, Tele5 da gehien ikusten dena doako telebisten artean. Aparteko begirada merezi dute ordainpeko streaming plataformek. Kontsumoan gorakada handia izan baitute azkeneko urteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.