Lan gatazkak

Epaileek arrazoia eman diote LABi, eta borroka kutxei ez zaie atxikipenik ezarriko

Sindikatuaren eta grebalarien artean lan harremanik ez dagoela ebatzi dute. Sindikatuak borroka kutxa zabaltzeko asmoa du.

Oskar Matxin Edesa / FOKU. BIZKAIKO ZAHAR ETXETAO LANGILEEN PROTESTA EKINTZA BAT.
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko urtarrilaren 4a
13:22
Entzun

Borroka kutxek eta antzeko mekanismoen ordainek ez dute zerga atxikipenik izan beharko. EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio LAB sindikatuari Gipuzkoako Aldundiarekin duen auzian, eta, ondorioz, ezingo du atxiki sindikatuek grebalariei ematen dieten diru laguntzaren %2. Sindikatuak garaipentzat jo du, eta salatu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak bere garaian borroka sindikalaren izen ona «zikintzen» saiatu zirela, eta gaineratu erabaki zuzena hartu zuela auzitara joatea erabaki zuenean. Halaber, borroka kutxaren inguruko informazioa zabaltzeko asmoa du, aurki «mobilizazio ugari» etorriko direla iragarri baitute.

Ainhize Muniozguren LABeko idazkaritza juridikoko arduradunak azaldu du ebazpenaren muina: «Epaileek ebatzi dute sindikatuen eta langileen artean ez dagoela lan harremanik, eta ondorioz ez dela zilegi lan pertsonalaren etekinaren gaineko zerga ezartzea». Horrenbestez, orain amaitu da 2018an hasitako bidea. Urte hartan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek ikerketa txostena ireki zieten sindikatuei, grebalariek jasotzen zuen diru laguntzen egoera aztertzeko. Araba, azkenean, ez zen txostena irekitzera iritsi; Bizkaiak, berriz, aurrerago itxi zuen, sindikatuen bigarren helegiteen ondoren; Gipuzkoak, aldiz, ez zuen itxi, eta LABek auzitara jotzea erabaki zuen.

Gipuzkoako Aldundiak, dena den, ez du dirurik itzuli beharko, orain arte borroka kutxaren ordainketen inguruko dokumentazio eskaera baino ez zeukan egina —2015etik 2018ra—, eta ordainketa epaileen erabakiaren menpe zegoen. Lehen ebazpena da, eta bigarrenabeharko da jurisprudentzia eratzeko. LABek ez ezik, ELAk eta USOk ere antzeko borroka kutxak dituzte.

Aldundien mugimendua Bizkaiko zahar etxeetako langileek 2018an eginiko grebaren ondoren iritsi zen, eta sindikatuek maiz defendatu dute errebantxa kutsua zuela. Hiru urte geroago, Igor Arroyo LABeko idazkari nagusiaren albokoak uste horri eutsi dio: «Hau ez da auzi tekniko bat izan: atzean asmo politiko argi bat zegoen. Aldundiek ez dute gustuko gure jardun sindikala, ezta fiskalitate ereduari egiten diogun kritika ere. Horregatik, bazterrak nahasten saiatzen dira».

900 euroko borroka kutxa

LABek, halaber, bere borroka kutxa zabaltzeko asmoa plazaratu du. KPIaren igoera ikusita, aurki lan gatazkak ugarituko direla uste du, eta tresna aproposa dela horiei aurre egiteko. Halaber, Arroyoren ustez, ez da oso ezaguna, eta langileei eskaini behar zaie: «Langile prekarioenei zuzendutako borroka kutxa diseinu bat da».

LABen borroka kutxak 30 euro ematen die langileei greba egiten duten egun bakoitzeko, 900 euro inguru hilabeteko, eta ez du bereizten langilearen lanaldia egun osokoa edo partziala den. Era berean, bere gain hartzen ditu langileek jardun sindikalarengatik jasotako isunak –10.000 euroko mugarekin—, baita enpresaren zigorrak ere, prozesu penalen kostua eta kaleratze ideologikoena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.