Espainiako kopa

Athleticek aurrera egin du, eta Osasuna Kopatik kanpo geratu da

Zuri-gorriek 0-2 irabazi dute Mancha Realen aurka, eta Kopako final zortzirenetarako sailkatu dira. Nico Williamsek egin ditu bi golak. Gorritxoak, aldiz, lehiatik at gelditu dira, Gironaren zelaian 1-0 galdu ondoren.

jarraia208029.jpg
Eñaut Agirrebengoa-Mikel O. Iribar
2022ko urtarrilaren 6a
19:59
Entzun

Errege opilak zapore zeharo ezberdina izan du Osasuna eta Athleticentzat. Osasunari kontrako eztarritik joan zaio Errege opila; Gironak Espainiako Kopatik kanpo utzi baitu. Ligako nahigabeez ahazteko aukera zeukan Jagoba Arrasateren taldeak, Bigarren Mailako talde baten aurka; baina horren ordez, beheraldi betean dela berretsi du. Hasi eta berehala egin diote gola, eta ez da gauza izan lurretik altxatu eta berriro partidan sartzeko. Athletic, berriz, faborito izateaz baliatu zen Mancha Realen zelaian, Jaenen (Espainia), eta arazo handirik gabe gainditu zuen final hamaseirenetako kanporaketa. Zuri-gorriak 0-2 nagusitu dira.

Bazkalostean hasi da Osasunaren norgehiagoka, eta opilari lehen hozkada eman orduko aurkitu dute baba gorritxoek. Defentsan zulo handiak utzi dituzte atzera ere, eta horietako bat probestu du Juncak 1-0ekoa egiteko. Ramalhori bizkarrera egindako pasea dotore kontrolatu du Gironako hegalekoak, eta ez da urduritu Juan Perezen aurrean. Artega zegoena, Osasuna zen, Ligan garaipenik gabeko hamar partida lotu ostean. Konfiantza eta nortasun krisia igarotzen ari dira Arrasateren mutilak, eta egoera horretan, min handia egin die Gironak gola horren goiz egin izanak.

Ezintasuna islatu du iruindarren jokoak. Bere egin du ekimena, baina trebezia eta erritmoa falta izan zitzaizkien ondo itxi zen aurkariaren zelaian. Jabetza hutsalak eduki dituzte, eta presioan egindako ahalegina ere ez zaie emankorra suertatu. Hots, Girona ez dute batere sufriarazi; kontrara, kataluniarrek abagune ugari izan dituzte markagailuko errenta handitzeko. Bi gol baliogabetu dizkiote, jokoz kanpo lortuak izan direlako, baina ez dute horien beharrik izan neurketa erosotasunez irabazteko.

Oso galduta ibili da Osasuna lehen zatian, Roberto Torres itsasargi lana egiten saiatu den arren. Arrekoa oso bakarrik zegoen sormen lanetan, eta ondorioz, gorritxoak ez ziren gai arriskua sortzeko. Gol aukera bakarra izan dute lehen zati osoan; hori bai, ez da edonolakoa izan: zutoinera joan da Manu Sanchezek egindako jaurtiketa, atezainak apur bat desbideratu ondotik.

Jokaldi horrekin finitu da lehen zatia. Argi-printza horrek gorritxoen adorea piztu zezakeen, baina ilunpean jarraitu dute atsedenetik bueltan. Torresek pare bat aldiz jaurti du areaz kanpotik, baina zorterik gabe. Zori hobea izan du Osasunak bere arean, Nahuelek alferrik galdu dituelako bi aukera oso garbi. Aulkitik eskuzabal atera da Alex Baena, eta pase itxurako opariak egin dizkio Nahueli; alabaina, Gironako aurrelaria oso baldar moldatu da ate aurrean, eta bizirik utzi du Osasuna.

Taldea suspertu nahian, Ligan finkoak diren jokalariak zelairatu ditu Bittor Alkizak, gaur berriz ere lehen entrenatzaile lanetan aritu denak —Arrasatek positibo eman zuen astelehenean—. Nafarrak erdiraketen bidez saiatu dira min egiten, hiru aurrelari zituztelako goian. Alferrik izan da, ordea. 81. minutuan izan dute gertuen berdinketa, Budimirrek ezkerrez jaurtiketa arriskutsua egin duenean, baina atezainak ezerezean utzi du kroaziarraren abagunea, gorritxoek izan duten azkena. Itxura kezkagarria emanda, Kopatik at gelditu dira.

Zuri-gorriak, aise

Athleticek Kopako final-hamaseirenetako galbahea igarotzea lortu du, Federazioko Bigarren Mailan ari den Mancha Real mendean hartuta. Marcelino Garcia Toral zuri-gorrien aulkira itzuli da birusa gaindituta. Bizkaitarrek ez zuten ezustekorik nahi, eta hasieratik baloi jabetza eurena izan da, lehia ez narrasteko. Mancha Realeko jokalarien estrategia argia zen: euren arean itxaron, baloia lapurtu eta kontraerasoan azkar irten. Athleticek hasi eta berehala eman du lehen abisua; Nico Williamsek eskuin hegaletik erdiraketa egin, eta Raul Garciak buruz area txikian errematatu du, baina baloia gutxigatik joan da kanpora.

Zuri-gorriak sarri heltzen ziren Jaengo taldearen atera. 20 minutuan heldu zaie saria, Nico Williamsek sartutako golari esker. Iñigo Lekuek ezker hegaletik erdiraketa pozoitsua egin du, eta Lopito atezainak urruntzeko saiakera egin badu ere, Williams gazteena azti ibili da area txikian, eta baloia sareetara bidali du. Lehen gola du lehen taldearekin.

Behin aurrea hartuta, Marcelinoren jokalariak lasaiago aritu dira zelaian, eta hurrengo minutuetan aldeak handitzeko aukerak izan badituzte ere, atea zulatzeko zorroztasunik ez dute izan; hala nola, Berenguerrek, Vivianek edota Nico Williamsek. Azken horrek izan du abagunerik garbiena; baloiari ezkerrez zartako galanta eman ondoren, langan bete-betean jo du. Hurrengo saiakera, ordea, ez du barkatu. Bigarrena sartu du atsedenaldira joan aurretik. Aurrelariak Vesgaren pasea jaso du lerro artean, eta Lopito atezaina erraz gainditu du.

Bigarren zatian, Athleticek kontrolpean izan du neurketa. Burua galdu gabe emaitzari eusteko gaia izan dute Marcelinoren jokalariek. Gisa horretara, biharko final-zortzirenetarako zozketak izango da Athletic, Realarekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.