Hedabideak

20 urte tokikoari euskaraz eusten

Duela 20 urte sortu ziren 'Aikor', 'Anboto', 'Begitu', 'Bizkaie!' eta 'Prest' tokiko aldizkariak. Eskualdeko, lurraldeko eta auzoko informazioa euskaraz zabaltzea zen hedabide horien asmoa, eta oraindik ere horretan dabiltza. Ibilbidearen inguruko gogoeta egin dute hedabideetako zuzendariek.

jarraia208059.jpg
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko urtarrilaren 7a
14:59
Entzun

Bizkaiko euskarazko tokiko hedabideentzat sasoi oparoa izan zen 2001. eta 2002. urteen artekoa. Nolabaiteko loraldia izan zen, eta hainbat izan ziren lurralde osoan sortu ziren tokiko komunikabideak. Besteak beste, Aikor, Anboto, Begitu, Bizkaie eta Prest.

Horien artean, Bilboko Deustualdeko Prest aldizkaria izan zen sortzen lehena. 2001eko martxoan kaleratu zuen 1. zenbakia, Deustuko Berbaizu euskara elkartearen eskutik, eta, ordutik, hilabetero ari da tokiko informazioa euskaraz lantzen. Urte bereko azaroan, Durangaldeko Anboto astekariak bere 0 zenbakia kaleratu zuen. Hark Eraz aldizkariaren lekukoa hartu zuen.

Sasoi hartan, Arratian, Begitu-ren 1. zenbakia prestatzen ari ziren: 2002aren hasieran ikusi zuen argia. Aikor-ek ere urte hasieran kaleratu zuen 1. zenbakia, Txorierrin. Apirilean sortu zen Bizkaie ataria ere, lurraldeko euskalkiari lekua emateko asmoz.

1. Zer ekarpen egiten dio zuen hedabideak lurraldeari, eskualdeari edo auzoari?

2. Nolako bilakaera izan du aldizkariak hasierako urteetatik gaur egunera?

3. Nola dago osasunez zuen hedabidea?

4. Pandemiak zer-nolako eragina izan du?

5. Aurrera begira, baduzue erronkarik?

XABIER GOIENETXE (Txorierriko Aikor aldizkariko zuzendaria)

“‘Aikor’-i esker, Txorierriko herrien artean kohesioa izan da”

1. “Aikor sortu arte, Txorierrin ez zegoen euskaraz irakurtzeko ia ezer. Hortaz, gure asmoa euskarazko komunikabide bat sortzea izan zen, informazioa euskaraz emateaz gain, euskara eta euskal mundua bultzatzeko. Era berean, hilabetekariari esker, Txorierriko herrien artean nolabaiteko kohesioa eman dela uste dut”.

2. “Hasierako urteetan 24 orriko aldizkaria argitaratzen genuen, baina haziz joan gara, eta, egun, 40 orriko hilabetekaria publikatzen dugu. 8.000 ale inguruko tirada dugu, eta eskualdean ere nabaritu dugu oihartzun nahikotxo dugula. Gainera, aro berrira egokituz ere joan gara, eta Aikor.eus webgunean eskualdeko albisteak publikatzen ditugu”.

3. “Gure kasuan, Aikor nahiko osasuntsu dagoela esango nuke. Hasieratik gaur egunera hainbat gorabehera izan ditugu, baina egoera berrietara egokituz osasuntsu mantentzea lortu dugu”.

4. “Itxialdi garaian, hiru edo lau hilabetez egon ginen etxetik telelana egiten, eta horrek asko zaildu zuen hedabidearen funtzionamendua. Kalera atera gabe ez zen erraza informazioa behar bezala biltzea eta eduki osoak argitaratzea. Publizitate aldetik ere ez zen erraza izan. Gure kasuan, publizitatea jartzen duten gehienak merkatari txikiak dira, eta horiek ere denbora luzez egon ziren itxita. Hala ere, aurrera egitea lortu dugu, eta bagoaz pixkanaka egoera zail hori gainditzen”.

5. “Etengabe hazten eta hobetzen jarraitzea da erronka nagusiena. Aurrez saiatu izan gara beste eskualde batzuetara zabaltzen, baina ez da posible izan. Orain, beraz, eskualdean lan egiten duten horiengan jarri nahi dugu arreta, sendotzen jarraitzeko”.

JONE GUENETXEA (Durangaldeko ‘Anboto’ astekariko burua)

“Durangaldean erreferente izatea lortu du ‘Anboto’-k”

1. “20 urte hauetako lorpenik handiena komunitate bat sortzea izan dela esango nuke. Hau da, tokiko hedabide bat izanda, komunitate bat sortzea eta indartzea lortu dugu, eta zero kilometro horren inguruan informazioa euskaraz zabaltzea izan da ekarpenik handiena. Horrez gainera, beste helburu batzuk ere izan ditugu, gainerako hedabideekin bat etor daitezkeenak. Besteak beste, feminismoa, euskararen erabilera eta digitalizazioaren erronka”.

2. “Anboto sortu aurretik, Eraz deituriko herri aldizkaria zegoen Durangaldean, eta, nolabait, hedabide horren lekukoa hartu zuen Anboto-k. Hasiera hartan, aldizkari formatu izateari utzi, egunkari formatua hartu genuen, eta, ordainpeko aldizkaria barik, doan banatzen hasi ginen. Ahalik eta irakurle gehienengana heltzea zen gure asmoa, eta lortu dugu. Izan ere, gaur egun, Durangaldean erreferente da Anboto. Ibilbide horretan ikur asko daude, baina, oro har, kazetaritzak eta hedabideek izan duten bilakaerarekin paralelo joan garela iruditzen zait. Zehazki, aro digitalak ekarri ditu aldaketa gehien: informazioa kontsumitzeko modua aldatu da, baina baita informazio hori eskaintzeko modua ere”.

3. “Oro har, sasoi onean gaudela esango nuke. Anboto Tokikom sarearen barruan dago, eta emandako aurrerapauso guztiak haren eskutik eman ditugu. Batez ere, digitalizazioari dagokionez. Nire ustez, jakin izan dugu sasoi berrietara moldatzen, eta, denon artean, aurrera egitea lortu dugu. Baina ezin gara lasaitu, hedabideen mundua etengabe ari da aldatzen, eta, hobetzen jarraitzeko, olatu guztiak hartu behar dira”.

4. “Guk bi alde azpimarratuko genituzke. Irakurleei dagokienez, izugarrizko datuak lortu ditugu, eta hori pozgarria da: zero kilometroko informazioak herritarrentzako eta gure komunitatearentzako zer-nolako garrantzia duen ikusteko aukera izan dugu. Hala ere, txanponaren beste aldean dago alde ekonomikoa. Sektore guztietan eragin negatiboa izan du, eta hedabideen munduan ere asko nabaritu dugu hori”.

5. “Gure erronkak gainerako hedabideekin bat datozela esango nuke. Hau da, ez gara desberdinak tokiko hedabide izanagatik. Hori bai, webgunean ikus-entzunezkoek gero eta garrantzi handiagoa dutela ikusi dugu, eta horretan lana dugu egiteko. Ezin dezakegu ezer egintzat eman; etengabeko bilakaeran gaude”.

IÑIGO IRUARRIZAGA (Arratiako ‘Begitu’ aldizkariko zuzendaria)

“Arratiarron parte da ‘Begitu’, eta Arratia bera egituratzen lagundu du”

1. “Nire ustez, Begitu-k esparru bitan egin ditu ekarpenak batez ere. Alde batetik, eskualde izaeraren alde egin du: eskualdeari ikusgaitasuna eman dio, eta ikusgaitasun hori Arratia moduan hedatu da, eta ez herri solte moduan. Bestetik, ahalegin handia egin du euskararen bizkaierazko erregistro idatzia ezagun egiten. Begitu bizkaieraz egiten da, baina eskualdeko aldaera batzuk erabiltzen ditu. Hala, bailaran egiten den euskara eta Begitu-k eskaintzen duena ez daude horren urrun. Bizkaiko euskara idatzia zabaldu du, eta horrek nolabaiteko alfabetatzea eragin du”.

2. “Hasieran Begitu kultur aldizkaria zen nagusiki, baina, pausoz pauso, informazio orokorra eskaintzen duen hedabide izatera igaro gara. Horrez gain, 2010ean, hilabetekari izateari utzi, hamaboskari izatea erabaki genuen, eta, webgunean ere, egunero ari gara eskualdeko albisteak publikatzen. Egun eskaintzen den informazioa zabalagoa da, eta horrek lan taldean ere ekarri ditu aldaketak: soldatapeko langile bi izan beharrean, hiru daude. Mundua, gizartea eta gure eskualdea asko aldatu dira, eta Begitu ere, bere esentzia galdu gabe, beste sasoi batean sartuta dago”.

3. “Urteurrenera sasoiko heldu garela esango nuke. Aldizkaria arratiarron bizitzaren parte da, eta Arratia bera egituratzen lagundu digu. Tokikomen saretuta egoteak ere asko lagundu digu. Izan ere, sarritan, Begitu-k dituen beharrizanak ez dira Begitu-renak bakarrik, eta sare indartsu baten parte izateak baliabide asko jarri dizkigu eskura”.

4. “Kazetarion lanean, bereziki, eragin nabarmena izan du: telelanean ibiltzen ginen, eta informazio iturriekin izandako harremana ere nahiko birtuala zen. Ekonomikoki ere eragina izan du. Gainera, Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak eman dizkie hedabide batzuei, baina guk ez dugu horren berri izan. Pandemiak hedabide guztiongan izan du eragina, eta ez bakar batzuengan bakarrik. Ziurgabetasuna da nagusi, baina baita etorkizunaren alde lanean jarraitzeko gogoa ere”.

5. “Teknologiak, komunikazio tresna berriak eskaini ez ezik, komunikazioa bera ulertzeko modua ere aldatu du. Egun, pentsaezina da komunikabide batentzat sarean ez egotea. Eta, proiektu guztiei gertatzen zaien legez, gure hedabideari ere ezinbestekoa zaio aurrerapausoak ematea. Paperezko aldizkarien ondoan, sareko Begitu eraginkor eta indartsua behar dugu. Webguneaz gainera, Begitu-ren presentzia indartu behar dugu sare sozialetan”.

KOLDO ISUSI (‘Bizkaie!’ aldizkari digitaleko zuzendaria)

“Hasieran makinatxo bat buruko min izan genituen, baina pozarren gaude”

1. “Interneteko hedabidea garela aintzat hartuta, Bizkaian eta munduan ditugu irakurleak. Hasieran, makinatxo bat buruko min eta solasaldi izan genituen, baina, azkenean, paperean argitaratzeko aukera baztertu, eta Interneten sartzea erabaki genuen. Pozarren gaude egindako hautuarekin. Duela 20 urte ez zegoen halakorik bizkaiera normalizatuan, eta, gaur egun ere, bakarrenetarikoak gara”.

2. “Sekulakoa. Hasieran hamabostero argitaratzen genituen artikuluak, eta, aurrerago, astero. Hurrengo pausoa etenik gabeko ataria martxan jartzea izan zen, eta, ordutik, gustura gabiltza, baina sano lanpetuta. Hasierako kolaboratzaileak ere orduantxe hasi ziren, eta, hala, bizi osorako lagunak egin ditugu. Euskalkia erabiltzeko hautua ere hasieran egin genuen: bizkaitarrei askotariko gaiak jorratuko zituen produktu duina eskaini nahi genien”.

3. “Ondo. 20 urte daramatzagu martxan, eta horrek erakusten du Bizkaie-ren osasuna ona dela. Jakina, guretzako aurrekontua osatzea buruko min handia izaten da. Baina, zorionez, erakundeen aldetik polito gabiltza, eta publizitateari esker ere dirutxoa jasotzen dugu, gehiago beharko genukeen arren. Eten digitalak ere ez digu onik egiten, eta gure erabiltzaile izan daitezkeen adinekoen artean badugu lana jendea erakartzeko. Horrez gainera, kolaborazioak ere izan ditugu hainbat erakunderekin, eta sarritan pentsatu izan dugu bizkaiera ardatz duten beste medio batzuk ere badaudela, eta ez dugula bizkaieradunentzako behar eta merezi duten lanik egiten”.

4. “Jota utzi gaitu, eta lan egiteko moduan ere aldaketak eragin ditu. Hala ere, aurrera egiten ari gara, eta, ahal den neurrian behintzat, albisteak etxetik, kaletik, menditik zein edozein lekutatik argitaratzen ahalegintzen ari gara. Gure arteko solasaldietan sarritan pentsatu izan dugu, oro har, gizartearen sektore guztietan lehengora bueltatzea oso zaila izango dela, eta, ziurrenik, beste errealitate bat biziko dugula. Hankaz gora dago dena, eta, diskoetxeak eraberritu diren moduan, denok suspertzeko bideak landu beharko ditugu akaso”.

5. “Erronkak ugari, eta denbora urri: podcasten munduan burua sartzea, albiste potoloak baina lekuan lekukoak jorratzea, kolaboratzaileen zerrenda handitzea, irudiari indar handiagoa ematea…”.

NEREA CUBILLO (Deustualdeko ‘Prest’ aldizkariko zuzendaria)

“Auzoan euskaraz bizi eta informa daitekeela erakutsi du ‘Prest’-ek”

1. “Prest Bilbora eta Euskal Herriko beste hainbat txokotara heltzen den arren, irakurle gehienak Deustu, San Inazio, Ibarrekolanda, Arangoiti eta Deustuko Erriberakoak dira. Oraindik ere etxe askotan sartzen den euskarazko komunikabide bakarra da, eta hori izan zen, batez ere, hasierako asmoa eta ekarpena: Deustualdeko etxeetara euskara eramatea. Era berean, ez dira gutxi izan Deustualdeari buruz bi hamarkada hauetan idatzitakoak, eta, agian, horregatik uste dut gure auzoa hobeto ezagutzeko aukera ere eman diola jende askori. Auzoan euskaraz bizi eta informatu daitekeela erakutsi du Prest-ek, eta hori euskaldun komunitatearentzako sekulako ekarpena da”.

2. “Nik oso hilabete gutxi daramatzat Prest koordinatzen, baina txikitatik jaso dut aldizkaria etxean, eta tamaina izan da aldaketarik nabarmenena. 2008. urtera arte aldizkaria tamaina handiagoan argitaratzen zen, baina krisiaren ostean txikitu egin zuten. Edukiei dagokienez, berdinak edo antzekoak mantendu direla esango nuke. Gainera, teknologiaren aurrerapenekin batera aldaketa asko etorri dira: lehen, esaterako, aldizkaria editatzen eta maketatzen amaitzen zutenean, zuzendariak berak eramaten zuen maketa disko batean inprentara; orain, berriz, Wetransfer bidez eramaten dugu. Beste bilakaera bat bloga eta sare sozialak sortzea izan zen”.

3. “Hobeto egon zitekeen nire ustez, baina egia da ekonomikoki oso txarto ibili garen garaiak izan direla. Gure helburu nagusia jasotzen ditugun diru laguntzetatik independenteagoak izatea da, eta horretan ari gara. Hala ere, lan talde parte hartzaile eta indartsua dauka Prest-ek atzean, eta nik uste dut horri esker ateratzen dugula hilero aldizkaria aurrera; baita babesleei esker ere, noski”.

4. “2020ko apirilean argitaratu genuen zenbakia online baino ez genuen argitaratu, Correos eta inprenta itxita zeudelako. Era berean, beste langile bat kontratatzeko asmoa ere atzeratu behar izan genuen. Baina ez ginen geratu, eta online zein paperean lanean jarraitu genuen berdin-berdin”.

5. “Oro har, osasuntsu mantentzen eta hasierako helburuei eusten jarraitzea dira gure erronkak. Euskara Deustualdeko etxeetara eramaten jarraitu nahi dugu, euskaraz informatzea posible dela erakusteko, eta babesletza handitzea ere asko gustatuko litzaiguke, diru laguntzetatik nolabait askatzeko, besteak beste. Hala ere, erronka nagusia, beste 20 urtez bizirik mantentzea da”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.