Prezioen igoera

Euroguneko inflazioa %5ekoa da, eta EBZk uste du «goia jo» duela

Mende honetan prezioak gehien igo den urtea izan zen iazkoa, baina Europako Banku Zentralaren arabera, 2022an beheranzko joera nagusituko da.

Erosleak, Berlingo supermerkatu batean. MARíA ALONSO MARTOS (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko urtarrilaren 7a
17:00
Entzun

Urte berriarekin batera ahoz aho dabil prezioen igoera, inflazioa. Orain arte gehien zabaldutako ustea zen pandemiarekin batera etorri eta joango zela, baina gero eta indar handiagoa hartzen ari da denbora batez maila altuan mantenduko dela, analistek idealtzat jotzen duten %2tik gora, edo jaitsiera mantsoa izango dela.

Euroguneko urte arteko inflazio tasa %5ekoa izan zen abenduan, 1997tik izandako prezioen garestitzerik handiena. Europako Banku Zentralak (EBZ) espero zuen abenduan hasiko zela jaitsiera, baina horrek itxaron egin beharko du. Dena dela, azarotik abendura hamarren bat baino ez da igo; hazkunderik txikiena iazko ekainetik. Inflazioak «goia jo» duela uste du EBZ, eta aurten modu naturalean jaisten joango dela.

Eurostaten datuen arabera, igoera, batez ere, energiaren prezioen garestitzearen ondorio da, udatik hona gertatzen ari den bezala: % 26koa izan da 2020ko abenduarekin alderatuta. EBZk espero du 2022ko bigarren hiruhilekotik aurrera apaltzea.

Energiaren eragina kalkulutik kanpo uztean, euroguneko urte arteko inflazio tasa %2,8koa da eurogunean. Energiaren atzetik elikagai freskoak (%4,6), eta alkohola eta tabakoa (%3,2) garestitu dira gehien.

Herrialdeen artean, igoera handienak Estonian ( %12), Lituanian ( %10,7) eta Letonian (% 7,7) izan dira. Eta gutxien Maltan (% 2,6), Portugalen (% 2,8) eta Finlandian (% 3,2). Espainian % 6,7koa izan da eta Frantzian % 3,4koa. Datorren astean jakingo da Hego Euskal Herriko tasa. Azaroan % 5,2koa izan zen, mende honetako altuena.

AEBeek oraindik ez dute jakinarazi abnduko inflazio tasa, baina azaroan %6,8koa izan zen;%5,1ekoa Erresuma Batuan.

Pizgarri gutxiago

EBZk prezioen igoera koiunturala dela pentsatzen jarraitzen du, eta urte honetan murrizten hasiko dela. Hori horrela, 2022an interes tasak ez igotzeko erabakiari eusten dio, hori egiteak susperraldia kaltetuko lukeelakoan; dena den, pandemiaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko abian jarritako pizgarri batzuk, bereziki herrialdeen zorren erosketa, murrizten joango da. AEBk, ordea, dagoeneko interes tasen hiru igoera iragarri ditu urte honetarako, eta Ingalaterrako Bankuak %0,25era igo zituen abendu erdialdean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.