Lan osasuna

Eraikuntzako langile bat hil da Gasteizen

Aurten lanean hildako bigarrena da. Iaz 62 langile hil ziren, LABen arabera.

Lan istripuen aurkako elkarretaratze bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko urtarrilaren 10a
16:22
Entzun

Eguerdirako minutu gutxi falta zirela gertatu da istripua, Gasteizko Olarizu auzoan eraikitzen ari diren etxe batean. Langilea, 47 urtekoa, aldamiotik erori da, eta osasun langileak iritsi direnerako hilda zegoen. Osalan ikertzen ari da zer dela-eta erori den.

Hildakoak 47 urte zituen, eta, CCOOk azaldu duenez, LAR Servicios Auxiliares a la Construccion enpresako langilea zen. Construcciones Urrutiak azpikontratutako enpresa bat da LAR.

LABek azaldu duenez, aurten lanean ari zela hildako bigarren langilea da Gasteizkoa. Sindikatu horren beraren zenbaketaren arabera, 2021ean gutxienez 62 lagun hil ziren beharrean ari zirela, 2020an baino hamabost gutxiago, baina pandemia aurreko urteetan baino gehiago.

LABek doluminak adierazi dizkie Gasteizko istripuan hildakoaren gertukoei, eta nabarmendu du eraikuntzan gertatzen diren heriotzen «oinarrizko arrazoiei» begiratu behar zaiela. «Izan ere, 2021ean laneko zazpi heriotza izan ziren Euskal Herrian altueratik erortzearen ondorioz, eta, 2020an, modu berean hil zen langile bat Olarizu auzoan bertan». Sindikatuak uste du arazoaren erroa «prekarizazioa, azpikontratazioa eta sektore honetako lan baldintzak» direla, eta salatu du «gaizki deitutako elkarrizketa sozialean» adostutako «publizitate kanpainak» ez direla eraginkorrak. «Beharrezkoa da erakundeen inplikazioa eta sektore honetarako plan espezifiko bat, neurri egokiekin, benetako prebentzio politikekin. Datuek erakusten digute gaur egun arte hartutakoak ez direla eraginkorrak izan, hainbat aldiz salatu dugun bezala. Gure aldetik, borrokan jarraituko dugu langileek osasuna eta bizitza gal ez ditzaten lan egite hutsagatik».

Antzeko mezua zabaldu du ELAk ere: «Eusko Jaurlaritzak eta ugazabek berehala ezarri behar dituzte prebentzio legeak ez betetzeak kontrolatzeko eta jarraipena egiteko neurriak. Ezinbestekoa da osasuna eta bizitza erdigunean jartzen dituzten erabakiak hartzea».

Heriotza salatzeko, SEA patronalaren alde batuko da etzi CCOO, hildakoaren senideak eta lankideak han direla. Etziko lotu dira ELA, LAB, ESK, Steilas eta EHNE, Olarizun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.