Pentsioak

Pentsiodunek elkarretaratzera deitu dute urtarrilaren 15erako

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak manifestaziora deitu du, mobilizazio jendetsuen laugarren urteurrena ospatzeko. Urtarrilaren 15ean egingo dira elkarretaratzeak, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Eibarren, Ondarroan, Tafallan, Altsasun eta Lizarran.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren prentsaurrekoa, Donostian. EUSKAL HERRIKO PENTSIODUNEN MUGIMENDUA
Miren Mujika Telleria.
2022ko urtarrilaren 11
14:02
Entzun

Berdin dio nork gobernatu, guk pentsio publikoak defendatu! lelopean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak manifestaziora deitu du urtarrilaren 15erako, lau urteren ondoren oraindik ere borrokan ari direla aldarrikatzeko. Euskal Herriko pentsiodun eta langile orori luzatu diete kaleak betetzeko deia pentsiodunek: «Pentsio publiko duin eta nahikoak, soldata eta lan baldintza duinak, eta kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak bermatzea aldarrikatu nahi dugu».

Mugimenduaren ustez, 2021eko azaroan onartu zen pentsioen erreformak «ez ditu 2011ko erreformako pentsioen murrizketak indargabetzen», eta, ondorioz, erosteko ahalmena %3 baino gehiago murriztuko zaiela salatu dute: «Hori ez da lan prekaritateari aurre egiteko eta gure pentsioek ordaintzen dituzten gizarte kotizazioak hobetzeko behar den erreforma». Beraz, onartu berri den pentsioen erreformaz kexu da mugimendua; izan ere, beren aldarrikapen gehienak erreformatik kanpo geratu direla diote: «Gutxieneko pentsioek miserableak izaten jarraituko dute, aldarrikatzen ditugun 1.080 euroetatik oso urrun». Horren aurrean, 2018an PPren Gobernuarekin egin zuten bezala, PSOEren eta Elkarrekin Podemosen gobernuari eskatzen diote oraingoan mugimenduaren aldarrikapenei erantzun diezaien: «2011, 2013 eta 2021eko erreformen alderdi atzerakoiak indargabetu egin behar dira, eta KPI errealaren igoera berehala aplikatzea eskatzen dugu». Pentsiodunen Mugimenduak argi du: «Ez dago pentsio duinik soldata duinik gabe».

Horregatik, larunbat honetan, hilaren 15ean, elkarretaratzera batzeko deia luzatu du Pentsiodunen Mugimenduak Hego Euskal Herriko hainbat lekutan: Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Eibarren, Ondarroan, Tafallan, Altsasun eta Lizarran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.