Innobasqueren tartea

Huts egitea gizakion ezaugarria da... Baina berrikuntzak ekidin dezake hori

Aernnova enpresaren premiazko enkargu batek Ega Solutions sortzea ekarri zuen, eta muntaketan industria-prozesuetako akatsak murrizten dituen konponbide bat asmatu du. Hori da Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Kasu Praktikoen Bankua osatzen duten adibideetako bat.

Ega Solution enpresak industria-prozesuetako akatsak murrizten dituen konponbide bat asmatu du. INNOBASQUE
2022ko urtarrilaren 11
17:59
Entzun

Konpainia berria Ega Master enpresa arabarraren filial bat da; azken hori espezializatuta dago eskuzko tresnen fabrikazioan, balio erantsi handiko sektoreentzat, besteak beste automobilgintzarentzat eta aeroespazialentzat, zeinetan doitasuna funtsezkoa den. Hori bermatzeko, ekoizpen-fase bakoitzean bitarteko guztiak erabiltzen dira. Sektore honetan, muntaketak berebiziko garrantzia du; izan ere, batzuetan erabiltzen diren osagaiak beste ekipamendu batzuen fabrikazioan erabiltzen direnen oso antzekoak dira.

Adibidez, mota bereko piezak izan daitezke (torlojuak, azkoinak, zirrindolak edo kisketak), non milimetro gutxiko aldea dagoen; beraz, begi bistan ia ezinezkoa da horiek bereiztea, eta baliteke haientzako diseinatu ez ziren muntaketetan ondo sartzen direla iruditzea. Hala ere, hautaketa-akats batek ekonomia- eta segurtasun-ondorio larriak izan ditzake; beraz, ongi etorria izango da prozesua hobetuko duen neurri oro. Horretan ziharduen Aernnovak, Airbusek eskatu baitzion A350 ereduko ateen hamabi konfigurazioetako muntaketan mota horretako akatsak egiteko aukerak murrizteko sistemak ezartzeko. Presaka ari ziren lanean. Hiru hilabete besterik ez zituzten konponbidea topatzeko.

Ega Solutions enpresaren konponbideak huts egitea ekiditen du, modu sinple eta erradikalean: soilik egokiak hautatzea ahalbidetzen du. Nola? Akatsa eragin dezaketen piezak gordetzeko erabiltzen diren estazioetako konpartimentuak (lanpostu bakoitzeko armairu edo kutxatila mugikorrak) blokeatuta. Beraz, nahiz eta lanaldi berean langile batek osagai horiek eskura eduki behar izan, lan jakin bat egiten ari denean soilik une horretan egiten ari den lan espezifikorako behar dituenak jasotzen dituzten kutxa edo erretiluetan daudenak erabili ahalko ditu. Hau da, Aernnovako langile bat ate bat muntatzen ari denean, soilik ate-eredu horretarako tresna eta piezak hartu ahalko ditu.

Hori lortzeko, RFID teknologiara jo dute, 4.0 industriaren esparruan teknologia horren erabilera aitzindaria eginez. Hurbileko komunikazio-teknologia horri esker, lanak zein ateren gainean egin behar diren identifika daiteke. Horrela, ateak lan-estazio berriei (Smart Stations) jakinarazten die zein erretilu dituzten tresna egokiek, eta horietara sartzea baino ez du ahalbidetzen, modelo horri ez dagozkionak blokeatuz. Sistema laser teknologia batek osatzen du, zeinak egiaztatzen duen erretilu bakoitza osorik ixten dela ondoren. Horrek eragotzi egiten du une bakoitzean beharrezkoak direnak baino erretilu gehiago egotea irekita, eta ondorioz ia ezinezkoa da norbaitek muntaketa zuzenerako ez diren materialak hartzea.

Estazio adimendun berri horien diseinu eta fabrikazioak aukera eman du Ega Master enpresak negozio-ildo berri bat sortzeko (sin-off delakoaren germena), eta, horrez gain, filialaren eta enpresa nagusiaren arteko salmenta gurutzatuak susta ditzake, Smart Station estazioen bezero potentzialak eskuzko tresnen kontsumitzaile handiak direlako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.