Nafarroako Auzitegiak 31ra arte luzatu ditu COVID-19aren kontrako neurri murriztaileak

Neurrien arabera, tabernek eta dantzalekuek 01:00etatik 06:00etara itxi beharko dute, eta ziurtagiria zahar etxeetan, gimnasioetan eta hoteletan ere eskatuko da

Zenbait lagun Iruñeko taberna batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Olaia L. Garaialde.
2022ko urtarrilaren 12a
15:15
Entzun

COVID-19aren kontrako neurri murriztaileak 31ra arte luzatu ditu Nafarroako Auzitegiak. Kontzertuak eskaintzen dituzten guneek, peñek, txokoek, tabernek eta dantzalekuek 01:00etarako itxi beharko dute. Gainera, derrigorrezkoa da mahaietan eserita kontsumitzea, eta gehienez hamar lagunek osatutako mahaiak izan behar dira.

Neurri horiek eragina dute kirol ekintzetan, kultur ekintzetan eta izaera soziala duten ekintzetan ere. Neurrien arabera, debekatuta dago gune horietan jatea eta edatea, eta COVID-19aren ziurtagiria erakutsi beharko da. Auzitegiak erabaki hori hartu du datuen argitara «egoera epidemiologikoa» okertu egin delako.

Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak iragarri du urtarrila eta otsaila «korapilatsuak» izanen direla: «Kutsatuen intzidentzia handia izan arren, ez dator bat ZIUetan eta ospitaletan dauden pertsonekin». Horrez gain, azpimarratu du adituek diotena entzun eta «zuhurtasun handiz» jokatu behar dela. Egoerari aurre egiteko «denbora irabazteko» luzatu dituzte neurriak.

Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, 2.999 kasu positibo atzeman zituzten atzo. Guztira, 6.885 test egin zituzten. Horrez gain, 31 pertsona ospitaleratu zituzten, eta horietatik hiru ZIUan daude. Guztira, 257 pertsona daude ospitalean, eta 33 ZIUan.

Ospitaleetako egoera dela eta, Indurainek iragarri du «premiazkoak ez diren ebakuntzak» atzeratuko dituztela. Horregatik, Osasun Sistema indartzeko, 700 osasun langileren kontratuak berrituko dituzte. Kontratuen %63 sei hilabetekoak izanen direla azaldu du Indurainek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.