Energia

Ponpaketa bidezko bi zentral hidroelektriko eraiki nahi dituzte Araban

Altaya enpresak Gasteizen eta Subillan kokatu nahi ditu, eta bakoitzak bi urtegi behar ditu. Aurretik beste egitasmo bat aurkeztua du Nafarroan.

La Muelako (Espainia) ponpaketa bidezko zentral hidroelektrikoa. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko urtarrilaren 12a
20:42
Entzun

Atalaya enpresak argindarra sortzeko bi zentral hidroelektriko egin nahi ditu Gasteizen eta Subillan (Araba). Ponpaketa zentralak lirateke, hau da, bi urtegi izango lituzkete: goikoan biltzen den ura behekora eramatean sortuko litzateke argindarra, eta, gero, ura gorantz ponpatuko lukete berriro. Enpresa horrek berak beste egitasmo bat du Nafarroan, Uxueko, Santakarako, Murilloko, Caparrosoko, Oliteko eta Martzillako lurretan.

Enpresaren egitasmoak Espainiako Trantsizio Ekologiko ministerioaren datuetan ageri dira, El PeriĆ³dico de la Energia kazetak azaldu duenez. Atalayaren arabera, Arabako bi zentralen artean 25 GWh argindar pilatu ahal izango lukete. Gasteizko zentralak 1.356 MW sortzeko ahalmena izango du, eta Subillakoak, 1.040 MW. Dena den, biak ala biak Nafarroako egitasmoa baino txikiagoak dira, hark 2.165 MW sortuko bailituzke.

Egitasmoen ez dute data finkorik, eta oraindik baimen guztiak lortzeke dituzte. Horrelako egitasmo bat gauzatzea gainera ez da erraza. Ponpaketa zentral hidroelektrikoek bi urtegi behar dituzte, eta ura goikotik behera isuriz sortzen dute argindarra. Gero, kontsumo gutxiko orduak baliatuz, pilaturiko argindarra erabiltzen dute ur hori ponpa bidez goiko urtegira igotzeko. Ikusteko dago Araban aurrez eginiko urtegiren edo urmaelen bat erabiltzen duten; Nafarroako egitasmoan bi urtegiak eraiki egingo dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.