Lan gatazkak

Lan gatazketako isun eta salaketak bertan behera uzteko eskatuko diote Jaurlaritzari

Egun 21 pertsona daude salatuta, eta bederatzi inputatuta. Langile batentzat hiru urteko zigorra dago eskatuta Bizkaiko metalgintzako grebako istiluengatik.

Bi ertzain bi langile BECetik indarrez ateratzen, 2019ko metalgintzako grebako protesta batean. MIGUEL TOñA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko urtarrilaren 13a
13:18
Entzun

Bizkaiko metaleko, ITP Aero PCBko, Tubacexeko eta Petronorreko lan gatazketako istiluengatik inputaturiko langileek beren aurkako salaketak eta isun eskaerak bertan behera uzteko eskatuko diote Jaurlaritzari. Inputatuek, CCOO, LAB, ESK, CNT eta CGT sindikatuen babesarekin, bilera eskaera ofizialak egin dizkiete Jaurlaritzako Enplegu Sailari eta Segurtasunekoari. Guztira 21 lagun daude salatuta, eta bederatzi inputatuta. Batentzat hiru urteko kartzela zigorra dago eskatua, eta beste bientzat, bina urtekoa.

Zigor eskaerarik handienak dituzte hiru langile horiek –beste sei inputatuentzat hamabost hilabete eskatu dituzte–, eta duela bi urte Bizkaiko metalgintzako langileek eginiko mobilizazioetako istiluengatik epaituko dituzte. Desordena publikoak, kalteak eta agintaritzaren aurkako atentatua egozten zaizkie. Hilaren 25ean epaituko dituzte hirurak, eta sindikatuek mobilizaziora deituko dute egun horretarako. Epaiketa «bidegabea» dela iritzi diote, eta lan baldintza duinak defendatzeagatik deklaratu beharko dutela.

Salaketa gehienak Ertzaintzarenak dira, nahiz eta baten batean, ITP Aero PCBko gatazkako batean kasurako, enpresak epaibidea luzeatzea erabaki duen. Horregatik eskatu dute bilera Jaurlaritzarekin, haien arabera lan gatazka horietan Ertzaintzak izandako jarrera bortitza «erabaki politikoa» izan zelako. Langileek, besteak beste, jipoiak, mozal legearen aplikazioa eta «akusazio faltsupean» atxiloketak egin izana egozten diote Ertzaintzari. Gatazka horietan, langileek ere salatu zituzten ertzainak indarkeriagatik, eta, dakitenez, gaur-gaurkoz ez dago inputaturiko agenterik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.