Energia

Badaiako ponpaketa zentral hidroelektrikoak ez direla eraikiko esan du Arabako ahaldun nagusiak

Eragingo lituzkeen ingurumen kalte handiengatik itxi dio atea Ramiro Gonzalezek Atalaya enpresaren egitasmoari.

La Muelako (Espainia) ponpaketa bidezko zentral hidroelektrikoa. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko urtarrilaren 13a
14:31
Entzun

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak oso modu irmoan itxi die atea Atalaya energia enpresak Gasteizen eta Subillan (Araba), Badaia mendilerroko alde bakoitzean eraiki asmo zituen bi ponpaketa zentral hidroelektrikoei: «Ez dira eraikiko, ezinezkoa da egitasmo hori egitea. Eskuduntza Espainiako Gobernua izan dezake, baina ez dira tokian tokiko erakundeen iritziaren aurka joango». Gonzalezek aipatu du instalazioek, besteak beste, ingurumen kalte handia eragingo luketela. Horietako bakoitzak bi urtegi behar ditu argindarra sortzeko. Enpresa horrek berak beste egitasmo bat du Nafarroan, Uxueko, Santakarako, Murilloko, Caparrosoko, Oliteko eta Martzillako lurretan.

Atalayaren asmoa asteazkenean ezagutarazi zen, enpresaren egitasmoak Espainiako Trantsizio Ekologiko ministerioaren datuetan agertu zirenean. Gasteizko zentralak 1.356 MW sortzeko ahalmena izango luke, eta Subillakoak, 1.040 MW. Dena den, biak ala biak Nafarroako egitasmoa baino txikiagoak dira, hark 2.165 MW sortuko bailituzke. Dirudienez, baina, asmoak bide motza egin du, aldundiak ez duelako bidea erraztuko. Jaurlaritzak ere ez du begi onez ikusten, Euskadi Irratiak jakinarazi duenez.

Gonzalezek nabarmendu du azpiegitura horiek oso kaltegarriak direla ingurumenarentzat eta bioaniztasunerantz. Izan ere, horrelako egitasmo bat gauzatzea ez da erraza ere. Atalaya antzeko zentral bat egiten ari da Sorian (Espainia), eta 150 hektarea lur behar ditu. Hain zuzen, ponpaketa zentral hidroelektrikoek bi urtegi behar dituzte, eta ura goikotik behera isuriz sortzen dute argindarra. Gero, kontsumo gutxiko orduak baliatuz, pilaturiko argindarra erabiltzen dute ur hori ponpa bidez goiko urtegira igotzeko. Ikusteko dago Araban aurrez eginiko urtegiren edo urmaelen bat erabiltzen duten; Nafarroako egitasmoan bi urtegiak egin egingo dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.