Jaiak

Donostiak haurren danborrada izanen du, neurriekin

30 konpainiak hartuko dute parte, eta hiriko zenbait eremutan sakabanaturik aterako dira kalera. Urtarrilaren 20an eginen dute. 3.000 haur inguru izanen dira; ohiko kopuruaren %63.

2019ko Donostiako haurren danborrada, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko urtarrilaren 13a
19:03
Entzun

COVID-19aren izurritearen azken goraldiaren ondorioz, azkenaldian errenkadan ailegatu dira Euskal Herriko zenbait ospakizun bertan behera geratu direlako iragarpenak; danborradak tartean. Besteak beste, jai horiek bertan behera uztea erabaki zuen orain gutxi Azpeitiko (Gipuzkoa) Udalak, eta berdin egin zuen Donostiakoak helduen danborradarekin: ez da ospatuko. Orain, baina, iragarpena egin du Donostiako Udalak: eginen dute haurren danborrada. Oztopoak oztopo, azkenean bada zutik eutsi dionik, beraz.

Udalak batzarra egin du hiriko ikastetxeetako ordezkariekin, eta jaiari eustea erabaki dute azkenik. Jakinarazi dutenez, 26 ikastetxeri dagozkien 30 konpainiak hartuko dute parte danborradan. Hala, aurreikusia da guztira 2.965 haur izatea partaide. Jaia bertan behera izan zen iaz. Edonola ere, iragan urteetako datuen aldean, ohiko kopuruaren %63 izanen dira aurtengo aldian.

Neurri murriztaileak aintzat hartuta eginen dute haurren danborrada, udalaren esanetan. Hain zuzen ere, iragarri dute konpainia bakoitzaren desfileak hiriko eremu batean beharko duela izan; hau da, haurrak sakabanaturik aterako dira. Desfile bakoitzak ezinen du 800 haurren langa gainditu, zehazki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.