Ekialde Hurbila

Edadeko palestinar bat hil da, Israelentzat lanean ari zen garabi batek harrapatuta

Suleian Hathalinek 75 urte zituen, eta palestinarren eskubideen aldeko ekintzaile ezaguna zen. Joan den astean harrapatu zuen garabi batek, eta eragin zizkion zaurien ondorioz hil da.

Suleiman Hathalin Israelen okupazioaren kontrako protesta batean.
jon ordonez garmendia
2022ko urtarrilaren 17a
11:08
Entzun

Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, adineko palestinar bat hil da gaur, joan den astean Israelentzat lanean ari zen garabi batek harrapatu zuenean eragin zizkion zaurien ondorioz. Suleiman Hathalin zuen izena, 75 urte zituen, eta, artzaina izateaz gain, palestinarren eskubideen aldeko aktibista ezaguna ere bazen. Urtarrilaren 6an harrapatu zuen Israelen okupazioaren alde lanean ari zen garabi batek, Umm al Khair herrian, Hebrongo mendien hegoaldean, Zisjordanian.

Haaretz egunkariak azaldu duenez, garabia matrikularik gabeko palestinarren autoak ari zen kentzen Israelgo Poliziaren aginduz, eta orduan harrapatu zuen Hathalin. Palestinako iturriek salatu dute Israel autoak konfiskatzen ari zela.

Zauri larriak eragin zizkion ezbeharrak, buruan, bularrean, sabelean eta pelbisean. Hebrongo ospitalera eraman zuten, eta han hil da gaur. Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri Ministerioak salatu du «krimen beldurgarria» dela gertatutakoa, eta «Israelen basakeria eta arrazakeria» islatzen duela; «kolonien aurrean euren lurra modu baketsuan defendatzen duten palestinar babesgabeen aurkako abusuak» ere salatu ditu.

Okupazioaren aurkako protestatan, ohikoa zen Hathalin inguru horretan. Israelen kolonien aurka egiten dute protesta palestinarrek, eta ohikoak dira liskarrak kolonoekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.