Indarkeria matxista

Estraditatu egingo dute Sara Pinaren senarra

Nafarroako Auzitegi Nagusiak ez du zehaztu noiz entregatuko duen Frantziak. Espainiako Gobernuak atzo aitortu zuen, ofizialki, hilketa matxista izan zela Tuterakoa.

Hilketa gaitzesteko Tuteran (Nafarroa) egin zuten elkarretaratzea, urtarrilaren 12an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko urtarrilaren 18a
11:30
Entzun

Nafarroara estraditatuko dute Sara Pinaren senarra. Hala adostu dute Poitierseko (Frantzia) epaitegiak eta Tuterako (Nafarroa) Instrukzioko 2. Aretoak, baina ez dute zehaztu noiz egingo duten entrega. Ikerketaren hipotesi nagusia da hark hil zuela emakumea.

Pinaren hilotza joan den astelehen goizean aurkitu zuten, etxean, Tuterako Iruñea etorbidean. Labankadaz hil zuten. Senarraren bila hasi ziren poliziak; eskuko telefonoa etxean utzia zuen. Atxilotzeko euroagindua ere eman zuen Tuterako Instrukzioko 1. Aretoak.

Astearte arratsaldean atzeman zuten gizonaren ibilgailua, Boisredongo zerbitzu gune batean, Bordeletik 65 kilometro iparraldera (Okzitania). Tuteratik ia 500 kilometrora zegoen, eta, hedabide batzuen arabera, ibilgailuaren GPSari jarraituz atzeman zuten. Jendarmeek atxilotu zuten, eta preso dago geroztik. Jose Maria Uruñuela Anso du izena gizonak, eta 41 urte ditu. Ikerketaren lehen hipotesien arabera, urtarrilaren 8an edo 9an hil zuen gizonak andrea.

Hilketa matxista

Espainiako Gobernuak atzo aitortu zuen ofizialki Sara Pinarena hilketa matxistatzat. Ondorioz, 2022an Euskal Herrian hil duten lehena da. 2021. urtean bost emakume hil zituzten, eta 2003. urtetik jada 113 dira eraildako andreak.

Joan den astean hainbat mobilizazio jendetsu egin ziren Euskal Herrian hilketa gaitzesteko. Tuterako Udalak hiru eguneko dolua ezarri zuen, baita Corteskoak (Nafarroa) ere —hangoa zen Pina—. Protestaz gainera, ezohiko batzarra egin zuten udalean, eta adierazpen bat adostu zuten alderdi guztiek. «Emakumeen aurkako indarkeriak oinarrian du plano sinbolikoan eta materialean gizonak emakumeen gainetik jartzen dituzten botere harremanak, eta emakumeek beti gizonen menpean jarraitzea dute helburu. Giza eskubideen kontrako bortxaketa larri bat da emakumeen aurkako indarkeria», adierazi zuten, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.