Yemen

Gutxienez 12 hildako Saudi Arabiak gidatutako koalizioak Sanan egindako aire eraso batean

Huthien buruzagi militar bat eta haren zenbait senide hil dituzte bonbardaketan. Dozena bat inguru dira zaurituak. Atzo goizean, Arabiar Emirerri Batuen hiriburuari eraso egin zioten matxinoek, eta gutxienez hiru pertsona hil.

Pertsona batzuk, gaur, Sanan, eraikin baten hondakinen artean. YAHYA ARHAB / EFE
Igor Susaeta.
2022ko urtarrilaren 18a
12:50
Entzun

Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek gidatutako nazioarteko koalizio militarrak bi aire eraso egin zituen atzo, azken orduan, Sana Yemengo hiriburuan, eta gutxienez hamabi pertsona hil ditu, eta dozena bat inguru zauritu. Matxino huthien kontrolpeko Saba berri agentziaren arabera, hildakoen artean daude Abdullah Qassim al Junaid matxino huthien jenerala, eta haren zenbait senide; tartean, haurrak. Huthien buruzagi batek Twitterren adierazi duenez, hildakoak hogei bat dira. 2019az geroztik koalizioak Sanan egindako erasori odoltsuena izan da, eta erantzun dio matxinoek ordu batzuk lehenago Arabiar Emirerri Batuetan egindakoari.

Efe berri agentziak jaso duenez, erreskate taldeek jarraitzen dute huthien jeneralaren etxearen hondakinen artean bi pertsona bilatzen. Gainera, aire erasoek hiriburuko auzo bateko beste bost eraikin ere hondatu dituzte. SPA Saudi Arabiako albiste agentziak goizaldean jakinarazi du koalizioak «huthien gotorlekuen eta kanpalekuen aurkako erasoak» egin dituela, baina ez du zehaztu horien helburuen artean matxinoen buruzagia zegoenik.

Hain zuzen, atzo, ordu batzuk lehenago, Iranen laguntza duten matxinoek bi aire eraso egin zituzten Arabiar Emirerri Batuetako hiriburu Abu Dhabin, eta gutxienez hiru hildako eta sei zauritu eragin. Koalizioaren esanetan, Arabiar Emirerri Batuetako ADNOC petrolio enpresarentzat lan egiten zuten hiru behargin atzerritar ziren hildakoak. Eraso horren ondoren, Yahya Saree huthien bozeramaile militarrak adierazi zuen droneak eta misilak erabiliz egindako erasoa «arrakastatsua» izan zela. Bide batez, zibilak eta atzerriko enpresak deitu zituen Arabiar Emirerri Batuen «azpiegitura ezinbestekoetatik» urruntzera, haien «segurtasunagatik».

Eraso horiek gertatu eta gero, Arabiar Emirerri Batuen Atzerri Ministerioak jakinarazi zuen, ohar baten bidez, nazioarteko zuzenbidetik kanpo egindako «eraso terroristei» erantzuteko «eskubidea» zuela. Eta ordu batzuk geroago iritsi zen erantzuna.

Dozenaka mila hildako

Bi aldeak gerran daude 2015az geroztik. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, gerra hasi zenetik 2020ko abendura arte 233.000 bat pertsona hil ziren Yemengo gerran. ACLED GKE gobernuz kanpoko erakundeak gatazka guneetako datuak biltzen ditu, eta, plazaratutako azken txostenaren arabera, iaz 21.000 hildako eragin ditu gerra horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.