Literatura

Jon Artano kazetariak irabazi du Tene Mujika beka

Ameriketan ibilitako euskaldunen istorioak eta Euskal Herrira migratu duten amerikarrenak kontatuko ditu bere lanean, elkarrizketa, kronika eta bidaia liburuen osagaiak izango dituen kontakizun batean.

Jon Artano kazetaria. ANARTZ IZAGIRRE / UROLA KOSTAKO HITZA
Andoni Imaz.
2022ko urtarrilaren 18a
12:55
Entzun

Jon Artano kazetari zestoarrak irabazi du 2022ko Tene Mujika beka, Ameriketan ibilitako hainbat euskaldunen kontuak eta Euskal Herrian dabiltzan hainbat amerikarrenak kontatu nahi dituen Anderik Ande proiektuarekin. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako beka horrek. Idurre Eskisabelek, Elixabete Garmendiak eta Imanol Muruak osatu dute epaimahaia. Kazetariak urtebeteko epea izango du lana bukatzeko, gero liburu gisa argitara dadin.

Bi parte izango ditu lanak: lehena, Joandakoez, Hego Amerikan gertatzen da, eta hara joandako hainbat euskal herritarren istorioak aletuko ditu: Argentina, Txile, Bolivia, Peru, Ekuador, Kolonbia eta Venezuelan kokatuak, besteak beste. Bigarren zatia, Etorritakoez, gaur egun Latinoamerikatik Euskal Herrira migratu eta garbiketa eta zaintza lanetan aritzen diren emakume gazteez arituko da. Elkarrizketa, kronika eta bidaia liburuen osagaiak izango ditu.

Artano kazetaritzan lizentziatua da, eta hogei urteko ibilbidea egin du hainbat komunikabidetan: irrati, telebista eta idatzizkoetan. 2016tik 2019ra Latinoamerikako berriemaile berezia izan zen EITBrentzat, eta BERRIAn ere idatzi izan zuen. Hango esperientzia baliatuko du, besteak beste, liburua idazteko.

Iaz, bi beka banatu zituzten: Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek amatasunari eta feminismoari buruzko elkarrizketa sorta bat landu dute, eta Jon Abrilek emakumeen lanbideei buruzko ikerketa bat egin du. Argitaratu gabe daude oraindik.

Tene Mujika bekaren bidez orain arte ateratako azken liburua IƱigo Lopez historialariaen Bilboko etxola batean da (2021). 1950eko hamarkadan Bilbon lana topatu zuten migratzaile askok ez zuten etxerik, eta etxolak eraiki zituzten: ia 5.000 ziren 1960an. Etxola horien ugaritzeaz eta garrantzi historikoaz aritu zen Lopez liburuan. BERRIAk erreportaje batean landu zuen gaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.