Europako Batasuna

Roberta Metsola hautatu dute Europako Parlamentuko presidente

Eurodiputatu demokristauak sozialdemokraten eta liberalen babesa jaso du bozketan. Abortuaren aurkakoa da buruzagi kontserbadorea.

Roberta Metsola kontserbadorea, gaur, Europako Parlamentuan, ganberako presidente kargua jaso ostean. EFE
ander perez zala
2022ko urtarrilaren 18a
13:09
Entzun

Roberta Metsolak bere ibilbide politikoa sendotzeko opari bat jaso du 43 urte bete dituen egunean: Europako Parlamentuko presidente aukeratu dute. Eurodiputatu demokristauak belaunaldi berria irudikatzen du, gaztea baita, eta, hark aldarrikatu duen moduan, «Erasmus belaunaldikoa». Baita emakumea ere, kargu hori hartu duen hirugarrena, Simone Veilen eta Nicole Fontaineren ondoren; keinua ere egin die sufragistei, zuriz jantzita parte hartu baitu bozketan: «Egiazko berdintasunaren aldeko borrokak zerbait kosmetikoa izatetik harago joan behar du». Finean, Metsolak adierazi du politikari esperientziaduna dela, eta adostasunak eta zubiak eraikitzeko gaitasuna duela.

Europako Parlamentuko presidente hautatua 2013tik da EAP Europako Alderdi Popularreko eurodiputatu, eta 2020ko urritik zegoen ganberako zuzendaritzan. Maltako Alderdi Nazionalistako kidea da —oposizioko indar nagusia da han—, eta baiezkoaren aldeko kanpaina egin zuen 2003an, haren herrialdea EB Europako Batasuneko estatu kide bilakatzeko erreferendumean. Europako Parlamentuko ordezkari izan aurretik, besteak beste, Maltaren EBko ordezkaritzan egin zuen lan, Bruselan.

Orain arte bildu duen esperientzia hori argudio erabiltzearekin batera, europarlamentuko presidente hautatuak arreta handia jarri du emakumeen eskubideetan: «Mediterraneoko irla txiki bateko emakume bat naiz, badakiena zer den galtzeko aukera handiak izatea. Horregatik, badakit zer garrantzitsua den hau [emakume bat aukeratzea] erakunde hauen kanpotik ikusten gaituztenontzat, batez ere neskatoentzat eta amets egitera ausartzen direnentzat. EBn emakume bakoitzak bere eskubideen alde borrokatu behar du».

Adierazpen horiek sozialdemokratei eta liberalei begirakoak ere izan dira, horiek zalantzak baitzituzten Metsola babesteko erabakia hartzerakoan, abortuaren aurkakoa baita —legez kanpokoa da Maltan—. Horretaz, Europako Parlamentuko presidente aukeratuak lasaitasuna helarazi nahi izan die bi indar horiei, eta asteon haiekin bildu da ziurtatzeko errespetatu egingo dituela Europako Parlamentuak auzi oroz hartzen dituen erabakiak eta finkatzen dituen jarrerak. Gaurko hitzaldian ere ideia bere helarazi die.

Babesen truke, SEA Sozialista Europarren Alderdiak eta RE Europa Berrituko liberalek zenbait kargu eskuratzea negoziatu dute; tartean, ganberako presidenteorde postu gehiago —hirutik bostera pasatuko da SEA—.

Onarturiko 616 botoetatik 418 jaso ditu Metsolak, eta haren atzetik geratu dira beste bi hautagaiak: Alice Bah Kuhnke ekologistak (Suediakoa) 101 boto bildu ditu, eta Sira Rego ezkertiarrak (Herrialde Katalanak), 57. Kosma Zlotowski ultrakontserbadorea (Poloniakoa) ere aurkeztekoa zen, baina atzo gauean hautagaitza erretiratzea erabaki zuen.

Gaurko bozketak eragina izango du EBko botere balantzan: Europako Parlamentuko presidentea demokristaua izango denez, familia politiko horrek talde komunitarioko erakundeetako hiru postu garrantzitsuenetako bi izango ditu, Europako Batzordeko presidentetzarekin batera —Ursula von der Leyen da karguduna 2019az geroztik—.

Azkena, Europar Kontseilukoa, REren esku dago —Charles Michelek du postua, 2019tik— eta, beraz, SEAkoak kargu garrantzitsurik gabe geratu dira. Sozialdemokratek espero dute 2024ko bozetan babesik handiena lortuko duen talde politikoa bilakatuko direla, eta orduan berreskuratuko dutela Europako Batzordeko presidentetza, esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.