Indarkeria Matxista

Eraso matxista bat gaitzetsi du Antsoaingo Udalak, eta elkarretaratzera deitu du

Atzo gertatu zen erasoa, emakumezkoa erietxean sartu behar izan zuten, eta gizonezko bat atxilotu dute.

Bilgune Feministak Iruñean eginiko agerraldi bat, indarkeria matxista salatzeko, artxiboko irudi batean. IñIGO URIZ / FOKU
2022ko urtarrilaren 18a
15:18
Entzun

Adierazpena onartu du gaur Antsoaingo (Nafarroa) Udalak, atzo herrian gertaturiko eraso matxista bat gaitzesteko. Protesta elkarretaratzera deitu du erakundeak gaurko, 19:00etan, udaletxeko plazan.

«Emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen bortxaketa da, eta emakumeen oinarrizko eskubideen kontra egiten du», irakur daiteke udalak argitaraturiko oharrean. Horren arabera, eraso matxistak botere harremanetan oinarritzen dira, eta horien helburua «emakumeak betiko gizonen menpe bizitzea da».

Emakumea erietxean sartu behar izan zuten. Gizonezko bat atxilotu dute, eta gaur da pasatzekoa epailearen aurrean.

«Eraso fisiko eta sexual hau» arbuiatzen duela adierazi du udalak, eta elkartasuna adierazi dio erasoa pairatu duen emakumeari.

«Kalea, gaua, eguna pertsona orok gozatzekoak dira, eta emakumeek eskubidea dute horiek beldurrik gabe okupatzeko, eta segurtasunarekin eta aske bizitzeko».

Berdintasun politiken bitartez, udalak emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko lanean jarraituko duela adierazi dute oharrean. «Herritarrei eskatzen diegu ez egoteko geldirik emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean, eta zero tolerantziako jarrera edukitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.